Herriko kirol eta kultur taldeekin irailaren 19an egingo den jai batzordearen balorazio batzarrean bilduko bada ere, orokorrean balorazio ona egin du Iñaki Lersundi kultura zinegotziak: «irailaren 19ko batzarrean denok batu eta xehetasun gehiagorekin aztertuko dugu aurtengoa, eta datorren urtera zer hobetu behar dugun». Nabarmendu nahi izan du bilera horretara tabernariak ere bertaratzea garrantzitsua izango dela, euren ikuspuntua ere kontuan hartzeko.
Zinegotziak azpimarratu duenez,
lehen helburua berdintasunaren ikuspuntutik jai parekide eta erasorik gabekoak lortzea zen, eta apurka-apurka baldin bada ere lortzen ari den helburua da. Esaterako, Andra Mari egunean herriari eskaintzen zaion agurrean, neskak eta mutilak ari dira oholtza gainean dantzan. Bestalde, udalak martxan jarritako brigada moreek ere eraso sexistarik ez egoteko baliabidea ere izan dira, udalak ez baitu jaso momentuz behintzat jai gunean eta jai egunetan eraso sexisten inguruko salaketarik.

Kargak&Deskargak bertso ikuskizuna arrakastatsua izan zen.
Jaxak Martxan. Aurtengo jaietan Jaxak Martxan dinamika ere martxan jarri zuten gaztetxetik. Hainbat ekintza antolatu zituzten, jai egitaraua aberastuz. Euren iritziz, «jai ederrak» izan dira. Jaxak Martxan dinamikarekin jai eredu alternatibo bat sortzeko «apustu irmoa» egin zutela eta pozik agertu dira dinamikaren bultzatzaileak.
Ondarroako Gazte Asanbladak andramariei buruzko balorazio «nahiko positiboa» egin du. Nabarmendu nahi izan dute Gazte Eguna antolatzeko lan taldeetan
270 neska-mutil aritu izanak gazteek badutela indarra adierazten duela. Bestalde, akatsak ere egon direla aitortu dute, baina horrek ez diela geldirik geratzea ekarriko. Asanbladatik, eskerrak eman nahi izan dizkiete jaiak aurrera eramaten lagundu dieten guztiei.
Iñaki Lersundik nabarmendu du, Andra Mari jaiak eguneko jaiak ari direla bihurtzen, eta horrek egunez jende asko ibiltzea ekarri duela. Herritar asko ere ekintzekin pozik geratu direla nabarmendu du Ondarroako Udalak. Herriko musika taldeen alde eta musika estilo ezberdinen alde egindako apustua ere ondo joan dela nabarmendu du zinegotziak, nahiz eta eguraldia zela eta Itzalak taldearen kontzertua Itsas Aurrera aldatu behar, esaterako. Arrantzale eguna izan zen egunik jendetsuena, baina kukañan eta zubitik saltoetan egondako parte hartzaile kopuru txikia eta berauek antolatzeko herriko talderik animatu ez izana hobetu beharreko puntuak direla nabarmendu dute.

Atako Banda, arrantzale egunean.
Su artifizialei dagokienean ere, herritarrak pozik agertu ziren Astondoa pirotekniaren ikuskizunarekin: «Iaz ezin izan ziren etorri, baina aurten jendea pozik geratu dela uste dugu».
Ikurriñaren igoeran
Enara Bilbao eta Lur Aranburu gimnastikalariak eta
Ager Solabarrieta tiralaria omendu izana ere garrantzitsua izan zela azpimarratu dute Ondarroako Udaletik. Herritarren aurrean errekonozimendu bat egiteko aukera polita baita plaza bete jende dagoenean ikurriña igotzea.
Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie jai egitaraua eta ekintzak antolatzen aritu diren guztiei, Kuadrilla Eguna antolatzen aritu direnei, Jaxak Martxan dinamikari eta herriko kultur eta kirol taldeei.

Astondoa pirotekniak bota zituen Andra Mari eguneko su-artifizialak.