Irailean ere bada jai egiterik
San Antolin jaietan murgilduko dira egunotan Berriatuko Milloi auzoko eta Gautegiz Arteagako herritarrak. Bihar emango diete hasiera festei Lea-Artibain, eta jaietan jarraituko dute Busturialdean.Jardueraz betetako asteburua igaro dute Gautegiz Arteaga...
San Antolin jaietan murgilduko dira egunotan Berriatuko Milloi auzoko eta Gautegiz Arteagako herritarrak. Bihar emango diete hasiera festei Lea-Artibain, eta jaietan jarraituko dute Busturialdean.
Jardueraz betetako asteburua igaro dute Gautegiz Arteagan, baina herritarrek festa egiten jarraitu nahi dute; hala, egunotan ere sanantolinetako egitarauagaz gozatzen jarraituko dute.Bihar segituko dute festa giroan, Artie dantza taldearen saioagaz eta trikipoteoagaz. Gauean, gainera, kantuan eta dantzan jarduteko aukera izango dute arteagarrek zein bertaratutako gainontzekoek, Jokaldi taldearen erromerian.
Zapatuan ospatuko dute, hala ere, Antolin Deunaren eguna, goizean hasi eta gaueko orduetara arte. Ohi bezala, Antolin Deunaren ermitara igoko dira herritarrak, alkarregaz. Eta meza entzun ostean, herrira jaitsiko dira berriro, kalejiran. Herriko plazan apar jaiaz gozatzeko aukera edukiko dute. Gauera arte giro lasaiagoa egongo da Gautegiz Arteagan; hala eta guztiz ere, 22:00etatik aurrera musikak hartuko du herria, eta berriz ere festari helduko diote.
Herriko jai nagusiez gozatzeko azken eguna izango dute domeka, eta bereziki txikitxoenei zuzendutako jarduerak izango dira: hala nola, puzgarriak, tailerrak, kale antzerkia eta zirkua. Umeen egunean, baina, izango da helduentzako egitekorik ere. Eguerdian, trikipoteoa egingo dute, eta esku pilota partiduak jokatuko dituzte arratsaldean. Gainera, mus txapelketan lehiatzeko aukera ere egongo da.
Domekan agurtuko dituzte sanantolinak, baina lehenago ere zegaz gozatu izan dute. Joan den barikuan hasi zituzten Busturialdeko herri horretako jaiak, Gazte Egunagaz. Paella txapelketa egin zuten egun horretan, eta giro onean igaro zuten eguna, bertsolarien bertsoekin, rock kontzertuekin eta futbito txapelketaren finalagaz.
Zapatuan, aldiz, tortilla txapelketan parte hartu zuten herriko gazte zein nagusiek. Guztira 33 kazola aurkeztu zituzten lehiaketara, eta denen artean Gotzon Arrien eta haren kuadrillarenak irabazi zuen. Eguraldia lagun, giro ezin hobea izan zuten. Egun horretan ere dantzan aritzeko aukera izan zuten Egan taldearen erromerian. Gainera, haur, gazte zein nagusiek beraien mozorroak erakutsi zituzten desfilean. Egun berean, gainera, Athleticeko jokalari Damaris Egurrola omendu eta zori- ondu zuten.
Milloin, bihartik domekara
Berriatuko Milloi auzoan, bestalde, bihartik domekara bitarte ospatuko dituzte sanantolinak. 19:00etan emango diete hasiera jaiei, eta pintxo potea, mus txapelketa eta erromeria izango dira aukeran gauera bitarte.
Etzi, auzotarren aldeko meza ospatuko dute, eta hamalaugarren urtez, txapel jaurtiketa egingo dute. Eguerdian, bazkaritan bilduko dira auzotarrak, eta arratsaldean briska txapelketa lehiatzeko aukera edukiko dute. Umeek ere izango dute zegaz gozatu, horientzako duatloia, aulki jokoak, buruhandiak eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte eta.
Domekan, kirola nagusituko da. Eguerdian, esaterako, Patxua tabernako zaldia 2008an Perla zaldiak ezarritako marka hobetzen saiatuko da. Ordu erdi beranduago, triatloi berezia hasiko da; korrika, bizikletan eta motor gainean aritu beharko dira parte hartzaileak. Eta arratsaldean, idi probak lehiatuko dituzte Lopategik, Zubibarrik eta Bikandik.
Kirolari ez ezik, mezari, Uxue Alberdiren eta Nerea Ibarzabalen bertso saioari, bazkariari eta zozketei egingo diete lekua Milloi auzoan.