Trinketeko igerilekua konpontzen hasi da udala
Trinketeko igerilekua konpontzeko lanak hasi ditu aste honetan Lekeitioko Udalak. Hori dela eta, irailaren 24ra arte itxita egongo da igerilekua. Irazgaizteko lanak egingo dituzte tarte horretan, eta bitartean Ondarroako edo Markina-Xemeingo igerilekua...
Igerilekuagaz gain, hobekuntzak burutuko dituzte bai eta ere Santi Brouard kiroldegian. Aldageletako dutxak eta saunak hobetu eta margotze lanak egingo dituztela azaldu dute. Obra horiek burutzeko ere itxita egon beharko da instalazioa. Bihartik irailaren 24ra itxiko dute kiroldegia, hain zuzen.
«Kirol instalazio horien behin-behineko itxiera aurreko bi urteetan hasitako inbertsio plan baten ondorioa da, azken urteetako konponketa eta inbertsio faltaren ondorioz sortutako gabeziak konpondu eta instalazioak hobetzeko helburuagaz», azaldu du udalak. Zehaztu duenez, itoginak sortzen egon dira igerilekuaren egoera kaskarraren ondorioz, eta irazgaizte lanekin arazo horiek konponduko ditu. Igerileku inguruko egurra kendu eta baldosak ere jarriko dituzte.
Bide batez, gimnasioan makina berriak ere ipiniko ditu udalak, eta horrek guztiak egiteko 102.419 euro inbertituko ditu.
Eliz-Atea kalea
Herriko azpiegiturak konpontzeagaz gain, hirigintzako beste egitasmo batzuk ere baditu esku artean udalak. Gasolindegi eta Eliz-Atea kale ingurua hobetzeko pausoak ematen hasi dira, esate baterako. Hasteko, 2015 urtean egindako Gasolindegi eta Eliz-Atearen gunea berriztatzeko proiektua berreskuratzea eta eguneratzea erabaki du.
Azaldu dutenez, proiektu horregaz urteetan auzokideek egindako eskariari irtenbidea eman nahi diote, gune horretako iriste erraztasuna hobetuz eta zaharkitutako ingurua berrituz.
Egitasmoa eguneratu eta hobekuntza batzuk sartzeko, proiektua berridaztea erabaki du udalak. Horrela, aldaketekin, esku hartzea Eliz-Atea kale osora zabalduko dute, Gazteguneraino. «Hasierako proiektuan obrak Eliz-Atea 4 atetaraino bakarrik egitea aurreikusten zen», zehaztu dute.
Horrez gain, hasierako proiektuan eliza aldean egitea aurreikusten zen oinezkoentzako espaloia lekuz aldatu eta etxebizitzen atarien aldean egitea erabaki dute. «Ibilgailuentzako bidea eta oinezkoentzako espaloia maila berean geratuko dira, Atea kaletik Eskolaperaino dagoen moduan».