Herri txikietan, jai handiak
Jai giro politean igaro dituzte sanantolinak Gautegiz Arteagan eta Berriatuko Milloi auzoan hiru egunetan. Batean zein bestean, datorren urtera arte agurtu zituzten jaiak domekan.Herriko jai nagusien jarraipena izan dute asteburuan Gautegiz Arteagan, a...
Jai giro politean igaro dituzte sanantolinak Gautegiz Arteagan eta Berriatuko Milloi auzoan hiru egunetan. Batean zein bestean, datorren urtera arte agurtu zituzten jaiak domekan.
Herriko jai nagusien jarraipena izan dute asteburuan Gautegiz Arteagan, aurreko asteburuan hasi baitziren herritarrak sanantolinetako egitarauagaz gozatzen. Jai giroan hasi zituzten herriko jaiak, eta amaitu ere era berean egin dituzte. Bitartean, herritarrek «oso ondo erantzun» dutela esan du herriko alkate Jun Felix Naberanek.«Pozik eta giro onean» ospatu dituzte. Ekitaldiek iraun bitartean, gainera, eguraldia ere lagun izan dutela azpimarratu du alkateak. Naberanek azaldu duenez, «ume, gazte zein helduei begira» antolatzen dituzte jaiak; hala, beste urte batez, adin ezberdinetakoak batu dituzte jaiek.
Barikutik domekara, dantzekin, trikipoteoagaz, erromeriagaz, mezagaz, jaitsiera eta kalejiragaz, puzgarriekin, mus txapelketagaz, kale antzerkiagaz, esku pilota partiduekin eta folk kontzertuagaz gozatu dute.
Pilota partiduek, esate baterako, arrakasta izan zutela azpimarratu du alkateak; «frontoia bete egin zen». Folk kontzertuan, berriz, zapore gazi-gozoa geratu zaio Naberani; izan ere, «kontzertua maila altukoa» izan bazen ere, jende gehiago espero zuen arteagarrak. Halere, «nahikoa jende» bildu zen.
Milloin ere, jai giroan
Berriatuko Milloi auzoan ere, giro ederrean ospatu dituzte sanantolinak. Domekan izan zuten jaietako azkenengo eguna, eta meza, bertsolarien saioa, zaldi zein idi probak, triatloi berezia (korrika, bizikletaz eta motorrez) eta bazkaria izan zituzten aukera-aukeran.
Zapatuan, XIV. Txapel Jaurtiketak girotu zuen santuaren eguna. 16 ume-gaztetxok eta 30 nagusik parte hartu zuten, eta tiraldiz tiraldi, Danel Gogenola eta Josu Urien Miño izan ziren nagusi, hurrenez hurren. Imanol Mugartegi alkate ohia izan zen azpitxapelduna nagusien mailan. Ondoren, auzoko elkartean bildu ziren bazkaritan, arratsaldean briskari eta umeen jolasei tartea egin aurretik.
Bariku arratsaldean eman zioten jaiei hasiera, kanpai jotze, ikurrinaren igoera eta txapligu jaurtiketagaz. Pintxo potean bildu ziren ondoren, eta haren atzetik, 22. Mus Txapelketa egon zen jokoan. Beste mus txapelketa bat eta Lekeitioko jaien hasiera tarteko, iaz baino parte hartzaile gutxiago aritu ziren karta jokoan; 28 izan ziren guztira iaz 40. Eta finalean, «inoiz ez bezala», lau bikote berriatuar: Jon Aldazabal Susteta eta Oier Arregi Altxu alde batetik, eta Andoni eta Joseba Malaxetxebarria, bestetik. Lehengo bikoteak eskuratu zuen lehenengo saria: 300 euro eta txapelak.