Antzar Egunean bortxatu egin dutela salatu du emakume batek
Erabateko irmotasunez gaitzetsi du erasoa Lekeitioko Udalak. Burrunbada egin zuten atzo, sexu erasoa salatzeko. Elkarretaratzea egongo da gaur, 19:00etanSexu eraso baten albisteak ilundu zituen atzo, San Antolin jaiak, Lekeition. Herrizaingo Sailak HIT...
Erabateko irmotasunez gaitzetsi du erasoa Lekeitioko Udalak. Burrunbada egin zuten atzo, sexu erasoa salatzeko. Elkarretaratzea egongo da gaur, 19:00etan
Sexu eraso baten albisteak ilundu zituen atzo, San Antolin jaiak, Lekeition. Herrizaingo Sailak HITZAri jakinarazi zionez, Antzar Eguneko arratsaldeko azken orduan gertatu zen ustezko erasoa. Norbanako batek Ertzaintzara deitu zuen «emakume bat lurrean erorita zegoela eta ustez eraso sexual bat jasan zuela» esanez. Emakumeari osasun etxera eta ospitalera lagundu zioten, han beharrezko probak egin ahal izateko. Atzo goizean jarri zuen biktimak berak salaketa Ertzaintzan.Erasoaren berri izan bezain laster, mobilizazioak deitu zituzten Lekittoko Txosna Batzordeak, Potxuak Martxanek eta Lekittoko Neska Gaztiak taldeak. Horrela, Erasorik ez lelopean, burrundada egin zuten atzo arratsaldean, Eskolapean. Gaur, berriz, elkarretaratzea egongo da 19:00etan, plazan.
Lekeitioko Udalak ere bat egingo du gaurko elkarretaratzeagaz, eta herritarrei gerturatzeko deia egin die. Sexu eraso salaketaren aurrean, adierazpen instituzional bat ere kaleratu zuen atzo udalak, mota horretako erasoak erabateko irmotasunez gaitzesten dituela adieraziz. «Gure herrian gertatutakoa indarkeria matxistak eragindako gertaera izan da».
Gertakari horren aurrean, babesa eta elkartasuna adierazi zion «eraso tamalgarri» horren biktimari.
«Gertatutakoak emakumeen segurtasun fisiko eta morala zapaltzeagaz gain, giza eskubide guztien urratze larria suposatzen du. Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira», adierazi du udalak.
Jai giroan «denak ez duela balio» azpimarratu du udalak, eta indarkeria matxista salatzea guztion ardura dela dio. «Herritar guztiok gai honetan jarrera aktiboa izan behar dugu indarkeria matxista salatuz, ez onartuz, isilik ez geratuz eta halako egoeratan egon daitezkeen emakumeei laguntza erakutsiz».
Horrelako erasoak gaitzesten jarraitu beharra dagoela ere gaineratu du udalak, bai judizialki bai sozialki ere.
Uragaz jolasean
Jaiei dagokienez, era askoko jolas eta jokoekin gozatzeko aukera eduki zuten atzo Lekeitioko ume eta gaztetxoek. Urtero eurei begirako eguna zehazten dute egitarauan, eta goizetik hasita izan zuten zer eginik. Ur jolasekin ibili ziren, esaterako, arratsaldeko uraren jaian. Ur txirristak, pilota erraldoiak, bitsa… bustitzeko aukerarik ez zuten ihes egiten utzi.
Bustita amaitu zuten bai eta ere Garraitz Kirol Taldeak antolatuta Abadeen moilan jokatu zen Umeen Mastapuntakoan parte hartu zuten gaztetxoek. Denetara, 45 neska-mutil ausartu ziren mastaren puntako ikurrinen bila joatera.