Aitortza eta Oroimena: 1936ko gerratea Markinan eta Xemeinen izenburupean, ekitaldi berezia egingo da zapatuan [irailak 9],
12:00etan,
Goiko Portalean. Aitortza eta Omenaldirako lantaldeak antolatutako omenaldiaren helburua 1936ko gerra garaian agintaritza zibila eta udal kudeaketa ardurak izateagatik zapalduak, erailak edo fusilatuak izan ziren pertsonek eta haien senideek frankismoaren biktima bezala dagokien aitortza eta errekonozimendu instituzionala edukitzea da.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, Iñigo Ibarra eta Nerea Ibarzabalek aurkeztuko dute ekitaldia. «Testuinguruan sartzeko, gerra garaian gertatutakoak kontatuko dituzte, olerkiak eta bertsoak tartekatuz». Ekitaldiak ordubete inguru iraungo du, eta herriko talde desberdinek ere parte hartuko dute:
Zerutxu dantza taldeak,
Pablo Fernandez Arrieta eta
Ianire Krutxaga musikariek,
Xemein Abesbatzak eta adierazpen instituzionala irakurriko duten udal ordezkariek. Horiek guztiek ekitaldiaren lehen zatian parte hartuko dute.
Markina-Xemein 1937ko argazkia, soldaduak Karmengo elizaren aurrean. Argazkia: Kutxateka
Jose Pablo Arriagak ekimen horretarako propio sortu duen lanaren aurkezpena egingo du ondoren, udaletxeko atarian, ete Emeki Koralak jarriko du giroa. «Lehenengo, omenduen senideak sartuko dira atarira, eta eskultura aurkeztu ostean, gainerako herritarrak ere bertatik igaro ahal izango dira artistaren lana ikusteko».
Euria eginez gero, ekitaldia Kontzekupean egingo litzatekeela jakinarazi dute.
1936ko gerraren 80. urteurrenaren harira, denbora luzez lanean ibili da Aitortza eta Omenaldirako lantaldea. Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek, udaleko ordezkariek eta hainbat herritarrek osatzen duen taldeak ekainean aurkeztu zuen egitasmoa, eta udalari ere proposamena luzatu zioten. Hala,
omenaldi instituzionala izango da biharkoa; Markina-Xemeingo Udalak
ezohiko osoko bilkura egingo du
11:30ean, adierazpen instituzional bat onartzeko.
Errepresio gordin horren ondorioz hildakoak ere egon ziren, eta horiei guztiei eta hoien senideei dagokien aitortza egin nahi diete.
Errepresioa. 1936. urteko uztailean gertatu zen altxamenduak gerra bat sortu zuen, eta Aitortza eta Omenaldirako lantaldeak ekaineko aurkezpenean azaldu zuenez, gerra egoeran antolakuntza eta prestaketa militarrez gain, beste kudeaketa eta ardura batzuk bete behar ziren: kudeaketa administratiboak, udal kudeaketak, herritarren hornidura eta baliabideak, errefuxiatuen etorrerak eta jabegoen zaintzak beste batzuen artean. Horiek ardurak hainbat herritarrek hartu zituzten, bai Markinan zein Xemeinen, eta matxinoek 1937ko apirilaren 27an frontearen lerroa gainditu eta Markina eta Xemein okupatu zituztenean, horietako batzuk erbesteratu eta beste batzuk atxilotu, kartzeleratu eta esklabotzako derrigorrezko lanak egitera kondenatuak izan ziren. Errepresio gordin horren ondorioz hildakoak ere egon ziren, eta horiei guztiei eta hoien senideei dagokien aitortza egin nahi diete.
Heriotzera bideratu ziztuzten zazpi pertsona aukeratu ditu Aitortza eta Omenaldirako lantaldeak, errepresioa jasan zuten guztien ordezkari modura:
Benito Aginaga Ugalde,
Hilario Aretxabaleta Arriola,
Juan Loiola Eizagirre,
Ambrosio Mallukiza Aldaolea,
Benito Muñoz Azpeitia,
Ignacio Ugarteburu Anitua eta
Angel Aretxabaleta Aizpuru. «Erantzukizun zibil, administratibo eta instituzionala hartutakoen aurkako errepresioaren adierazpen gogorrenak dira zazpi pertsona hauen heriotzak, giza eskubideen urraketa nabaria», esan dute.
36ko gerran Markina eta Xemein herrietan udal kudeaketari eta herritarren egoera gogorrari aurre egiteko konpromisoa hartu zuten pertsona horien guztien lana «ezinbestekoa» izateagaz gainera, «zuzena» eta «gizatasunez betetakoa» izan zela nabarmendu zuten lantaldeko kideek aurkezpenean, eta egin zuten lanaren egunerokoa sailtasunez betetakoa izan zela gogora ekarri zuten.
Pertsona horiek eta haien senideak frankismo eta diktaduraren
biktima zuzenak direla esan zuten, eta ez dutela gizarte eta instituzioen babesik izan. Hori dela eta,
deialdi berezi bat egin diote Markina-Xemeingo herriari biharko ekitaldian parte hatzeko.