Markuerkiaga 1974an hasi zen arrainarekin lanean. Hasiera batean bera ere arraina erosten aritzen zen. Orain, ordea, subastatzailea da, eta arrain subastak ahoz egiten ditu. Modu horretan arraina saltzen duen
Euskal Herriko azken pertsona da.
Nola hasi zinen lan honetan?
Portuko munduan hasi eta gutxira, arraina saltzeko aukera eman zidaten, eta hortan jarduten dut gaur eguneraino. Orain, autonomo gisa egiten dut lan, hau da, enpresa batek deitzen dit eta nik nire zerbitzua eskaintzen dut.
Ondarroan non eta zenbatero egiten duzu lan? Zertan datza zure lana zehazki?
Orain astean behin edo birritan etortzen naiz, baina jada uzten hasia naizelako. Normalean, 04:00etan jaisten naiz bodegara. Bertan, arraina ikusi, pisatu eta kontrolatu egiten dut, salmenta ordurako dena prest edukitzeko. 05:00 aldera iristen dira erosleak, eta handik ordu erdira hasten da salmenta.Prezio bat bota, eta gero jaisten joaten naiz, apurka-apurka. Azken batean subasta bat ozenki egitea psikologia joko zail bat da. Niri, prezioa zenbat jaisten joan behar dudan erosleen aurpegiek eta erreakzioek markatzen didate.
Asko aldatu al da arraina saltzearen lanbidea hasi zinenetik gaur eguneraino?
Lehenago arrain askoz gehiago sartzen zen portuetara, eta gainera, edozein ordutan. Orain, lana, asko hobetu dela esan nezake. Orain dela urte batzuk, txalupak etxetik hurbil egon eta arraina prezio ona egiten ari zela ikusten bazuten, porturatu egiten ziren. Ordua edozein zela ere, bodegara jaitsi eta salmenta egin behar izaten zen. Horrela ez zegoen ez lorik egiterik ez ezer! Orain, ordutegi jakin batzuk daude, eta denok errespetatu behar ditugu. Lana asko humanizatu da.
Zenbat modu daude arraina saltzeko Ondarroan?
Ondarroan, arraina saltzeko hiru modu daude. Lehenengoa, eta beharbada ezagunena, Kalare Deuna arrantzaleen kofradian egiten dena da, elektronikoa. Pantaila baten bitartez prezioak beheraka doaz eta erosleak berarentzat prezio ona dela iruditzen zaionean botoia sakatzen du.Bigarrena, gurea da, ozenki egiten dena. Hemen ere erosleei ondo iruditzen zaienean «Nirea!» oihukatzen dute eta prezio horretan eurentzat da arrain sorta.Eta hirugarrena, baxurako ontzien jabeek Eusko Jaurlaritzaren gela batean egiten dutena da. Han, arrain sortak eskaintzen dituzte, erosleek sortarengatik zenbat ordainduko luketen paper batean idatzi eta sinatu egiten dute, eta gero, prezio altuena ordaintzeko prest dagoenarentzat izaten da arrain sorta.
Ez al da zoramena hainbeste zenbaki, prezio, datu eta erosle kontrolatzea?
Subastatzaileak eduki behar du beti egoeraren kontrola, bestela zoramena bihurtu daiteke hau. Esate baterako, nik erabakita, orain dela 20 bat urte salmentan ari nintzen lekuan erretzea debekatu egin nuen.Subastatzaileak berak markatu behar ditu denborak, eta salmenta dinamikoa egin behar dugu. Puntuala izatea garrantzitsua dela deritzot, eta erosleek jakin egin behar dute azken hitza nik daukadala beti. Orain, gainera, erosle guztiek mugikorra edukitzen dute martxan, eta telefonoaren beste aldean dagoenak agintzen die noiz den eurentzat prezio egokia. Bodegan dagoen erosleak askatasun gutxi dauka, bitartekaria baino ez da. Benetan arraina zein preziotan erosi erabakitzen duena Sevillan, Cordoban edo Madrilen dagoen ugazaba izaten da.
Gogorra izango da ezta hainbeste urtez ordu txikietan lan egitea?
Gogorra da bai, baina ez niretzat bakarrik, baita erosleentzat ere. Nire ustez, euren bizitzan estresik ezin kenduta ibiltzen dira, bai ordutegiengatik eta baita prezioen gorabeherengatik ere. Gainera, egoera leherkorrak ere jasaten dituzte, behin baino gehiagotan ikusi izan baititut ordaintzen ez dieten erosleak aurrera ezin eginda. Hori gutxi ez, eta duela 30 bat urte, portuaren garairik onenetakoan, egunaren 24 orduak portuan sartuta ematen genituen behin baino gehiagotan: domekan 22:00etan sartu portuan, eta hurrengo eguneko ordu berera arte bertatik irten ere ez genuen egiten, ogitarteko bat soilik janda.
Markuergiaga, portuan lanean.
Nola finkatzen dituzue arraina salmentara ateratzeko prezioak?
Orain dena dago lotuta eta badakigu beste portuetan ere zein kopuru eta zein preziotan dabilen arraina. Horren arabera mugitzen gara. Ni goitik hasten naiz prezioak botatzen, eta gero pixkanaka-pixkanaka prezio horiek jaisten joaten naiz. Eguraldiak, itsasoaren egoerak eta porturatutako arrain kopuruak ere badaukate zerikusia prezioak ezartzerako orduan.
Zergatik murriztu da hainbeste euskal portuetako mugimendua?
Ohiturak aldatu direlako gehienbat. Lehen, arraina zegoen eta arraina jaten zen, baina orain askoz eskaintza handiagoa dago merkatuan. Horrek, eskaria baino eskaintza handiagoa egotea ekarri du, eta horrek portuetan mugimendu gutxiago egotea dakar. Ezagutu dut nik Ondarroa ia 14.000 biztanle edukitzera iritsi zen garaia edo estatuko xanpainik gehien herrian edaten zenekoa. Aberastasunaren seinale!