Berriatuako Aitxe Kutz jaietako txirrindulari lasterketa lehiatuko dute zapatuan
35. Aitxe Kutz Txirrindulari Saria XVI. Juan Luis Kanterape Memoriala 16:00etan hasiko da. Kadete mailako proba da.
38 kilometroko lasterketa da. Txirrindulariek azken urteotako ibilbide bera egingo dute. Berriatuatik irten, eta hasteko Ondarroara joan-etorria egingo dute. Jarraian, Plazakolatik Milloira abiatuko dira. Milloiko mendatea jaitsi, eta Oletatik pasatuta, Lekeitiora helduko dira. Handik, kostako errepidea hartu, eta Ondarroa zeharkatu ostean Berriatuan izango dute helmuga.
Sari banaketa ekitaldia 18:00ak aldera izango da.
Berriatuako Txirrindulari Elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, 50 bat txirrindulari espero dituzte. Horien artean asko izango dira Lea-Artibai eskualdekoak, eta besteren artean, Lancar Lubricantes – EK Berangoko txirrindulari taldeko Egoitz Aranzeta berriatuarrak lehiatuko du kadete mailako txirrindulari lasterketa.