Turismoa indartzeko erronkagaz, eguerdian aurkeztu dute “Euskal Kostaldeko zuhaitz abentura parke berria”.
Jesus Mari Anakabe Txakartegi Mendexako alkateak gaurkoa egun pozgarria dela adierazi du, orain dela bost urte hasitako proiektua gaur martxan jarri dutelako.
Azaldu duenez, orain dela bost urte
turismoari begira plan bat egin zuten herriko baliabideekin zer egin zezaketen aztertzeko. Mendexan kokatuta egon arren, Lea-Artibai eskualdeko turismorako onuragarria izateko asmoz egina dela nabarmendu du. “Lea Artibaik turismoari begira baliabide asko ditu, eta horiek ustiatu behar ditugu”. Horrela eskualdeko enpresak “ekintza berriak” sortzera animatu ditu, eta horretarako elkarlana beharrezkoa dela zehaztu du, turismoari “indar gehiago emateko”.
Anakabek abentura parkea egiteko udalak eskuratutako lursailaren jabearentzat esker oneko berbak izan ditu; haren eskuzabaltasuna eskertu du. “Proiektua azaldu genion lehen momentutik oso jarrera zabala izan du”. Era berean,
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskertu du. Haren berbetan, erakunde publiko horien diru laguntza barik ezinezkoa izango zen abentura parkea egitea.
4 urtetik gorako umeek gozatu ahal dute parkean.
Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendari den
Irma Basterrak ere hitza hartu du aurkezpen ekitaldian. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren, eta batik bat berak zuzentzen duen Landaren eta Itsasertzaren Garapenen Sailaren helburua landa guneen alde lan egitea dela esan du, lekuan lekuko biztanleen ongizatean lagundu eta hobetzeko, bai eta bertako
jarduera ekonomikoa sustatzeko ere. “Zentzu honetan benetan uste dugu proiektu hau oso lagungarria izango dela zonalde honetako turismo aktiboa eta jasangarria bultzatzeko eta herriaren, eta oro har eskualdearen errekurtso ekonomikoak indartzeko”.
Basterrak adierazi du Jaurlaritzatik martxan jartzen diren landa garapeneko lanek, estrategiek eta diru laguntzek aukerak ematen dituztela herri txikiek behar dituzten inbertsioak eta zerbitzuak izateko. “Beti ere lankidetzan, auzolanean egindako lana sustatu nahi dugu bertako eragile eta instituzioekin”.
Proiektu hau gauzatzeko eman duten laguntza 257.000 euro ingurukoa dela azaldu du Basterrak.
Lau zirkuitutan banatuta,
70 erronketatik gora eskaintzen ditu parkeak, eta 17 tirolina daude. Hain zuzen, tirolinak eta erronkak uztartzen ditu.
Udalaren jabetza izanik, UR Nomade enpresak kudeatuko du Mendexa Abentura Park. Bertako zuzendari den
Arkaitz Erkiagak gaurkoa egun garrantzitsua dela azpimarratu du.
Jesus Mari Anakabe Mendexako alkatea, Arkaitz Erkiaga parkeko zuzendaria eta Irma Basterra Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendaria gaurko ekitaldian.
Ondo etorriaren eta azalpenen ostean, 13:00ak aldera egin dute parkearen irekiera ofiziala. Hala,
bihartik aurrera egongo da
zabalik. Lehenengo astean gainera, egunero irekiko dute, eta eskaintza bereziak izango ditu. Gero, barikutik domekara egongo da zabalik, eta erreserbapean edozein egunetan gozatu ahalko da parkeaz.
Aparkalekua barne hartuta,
bi hektareako lur saila da, eta zailtasunaren arabera,
lau gune ditu, adinaren eta altueraren arabera bereiztuta. Erkiagaren berbetan, erreferentzizko adinak jarri eta altuerak zehaztu dituzte.
Ume zein helduek erakustaldirako edo ikasteko zirkuitua
(demo zirkuitua deritzona) egin behar dute hasieran, hau da, segurtasun sistema zelan erabiltzen den ikasteko gunea. “Partaide denek egingo dute hasieran, eta parke osoan aurkitzen diren erronken laburpen bat da. Hori pasatzen duenak eta hor formatzen denak gero autonomia dauka parkean modu seguru batean ibiltzeko”, azaldu du Erkiagak.
Zirkuitu horia umeena da (Yoko zirkuitua), zirkuitu berdea ume eta helduena (zirkuitu familiarra edo gaztetxoei zuzendutakoa), mailarik errezanekoa, eta beste biak zirkuitu urdina eta gorria dira. Azken hori da zailena. “Zirkuitu urdinean altura pixka bat gehiago hartzen dugu, eta sentsazioak desberdinak dira, erronkak gehiago mugitzen dira…”.
Segurtasuna bermatuta. Erabiltzaileen segurtasuna bermatu, eta arriskurik ez izateko, segurtasun sistema jarraia dauka parkeak. Hau da, ume zein nagusiak autonomiaz burutu ahal dute zirkuitua, baina beti ere monitoreen begiradapean, eta horien aholku eta aginduak jarraituta.
Oreka lantzeko jolasak egiteko aukera eskaintzen du Mendexa Abentura Park-ak: tirolinak eta askotariko zubiak (tibetarra, nepaldarra, tximuena etab.).
70-80 metro bitarteko tirolinak ditu. “Garrantzitsuena parke segurua eta dibertigarria izatea da, ume, gazte zein nagusiek ondo pasatzea eta gozatzea”.