Partida ikusgarriak jokatu zituzten bariku gauean Miruaitz frontoian, Galbaixo jaietako egitarauaren barruan antolatutako jaialdian. Gazte mailan,
Aratz Mendizabal mutrikuarrak lortu zuen garaipena ezin izan zuen borobildu nagusietan irabazita
Mikel Manzisidorrek.
Nagusien partiduan, Manzisidor eta Iturrino izan ziren nagusi lehen setean, Manterolaren hutsei etekina aterata. Gorriek, tanto luzeak jokatzeko helburua ondo baliatu zuten, eta lehen setean nagusi izan ziren. Bigarrenean, jokoa erabat aldatu zen eta Manterolak eta Susok osatutako bikotea hasi zen setaz jabetzen. Gorrien
akats ugariak baliatu zituzten berdinketa lortzeko. Hirugarren eta azken setean, garaipena lortu eta urdinek markagailua iraultzea lortu zuten; lehen garaipenak ihes egin zuen Mutrikutik.
Gazteen partiduan berriz, Iker Ibarluzea eta Aratz Mendizabalek
maila handia erakutsi zuten Clement Garcia eta Julen Lopezen aurka, mutrikuarrak erakutsitako sendotasunari esker gehien bat. Zirkuitura batu berri den Clement Garciaren urduritasuna ere baliatu zuen bikote gorriak
bi set irabazteko, eta horrela, finala eurenganatzeko. Lehen seta izan zen parekatuena, eta 14ko berdinketarekin, azken tantoan, Iker Ibarluzeak pilota
atzeko hormaraino bota eta gero, zabalera joan zen, Clement Garcia eta Julen Lopez iritsi ezinik izan zirelarik.

Xistera zirkuituko parte hartzaileak, Mutrikuko alkatearekin, Miruaitzen. Argazkia: Danok Bat