Mundu bat bertso egitasmoa Lea-Artibaiko ikasgeletara bueltatu da
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik, Mundu bat bertso izeneko proiektua landuko dute ikastetxeetan aurten ere. Urrian hasi eta ikasturte amaiera arte, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek bertsolaritza landuko dute eskola orduetan. Jone Antxustegi da proiektuaren arduraduna Lea-Artibain, eta Ander Elortegi Busturialdean. Proiektuak 220 ikasle inguru batuko ditu Lea-Artibain, eta 550 ikasle Busturialdean.Lea-Artibairen kasuan, Lehen Hezkuntzako hamabi ikastetxe daude proiektuaren barruan.
Ahozkotasunetik abiatuta, ikasleek hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak lantzea du asmo Bizkaiko Bertsozale Elkarteak herrialde osoko ikastetxeetan bultzatutako proiektuak. Astero edo hamabostero, ordu batez, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza jasoko dute. Bertsoak jolasean, ariketak eginez edota ikus-entzunezkoak baliatuz landuko dituzte ikasleek. Eta ikasturte amaiera heltzen denean, ikastetxetako ikasleak batu, eta jendaurreko saioa egingo dute. Jolasekin, asmakizunekin, edota antzezlanen bidez, bertsotarako trebetasuna erakutsiko dute. Topaketak Bermeon, Gernika-Lumon, Ondarroan eta, ikasturte honetan lehenengoz, Markina-Xemeinen egingo dituzte.