Giro ezin hobea izan dute gaur [irailak 23], Ispasterren. 10:00etan ireki ditu ateak Ispasterko Udalak Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkartearen laguntzagaz antolatutako Baserri Azokak, eta apurka-apurka plaza eta San Migel eliza inguruak betetzen joan dira. Hamalau erakusmahaitan banatuta, era askotako produktuak izan dituzte eskura bisitariek, gehienak Lea-Artibaiko baserritarrenak: gazta, ogi, gozo, pate, ahateki, mermelada, sagar zuku, ezti ekologiko, ortuari, sagardo… Ezer ez da falta izan. Salmentak onak izan dira eguerdi partean, ohi legez. “Azoka guztietan gertatzen den kontua da, jendea txikiteo orduan etortzen da batez ere erostera”, zioen ekoizle batek. Bitxiak eta eskuz egindako panpinak eskuratzeko aukera ere egon da.
Salmentak ondo joan dira eguerdian.
Eta postuz postu joanda, baratzeko produktuak eskaintzen zituen mahai berezi bat ere jarri dute gaur. Salmahaiaren atzean, Ispasterko Eskolako neska-mutilak. Piper berde, kalabaza, indaba, pepino, urra, gilda… Eskolan Gure Baratzea proiektuaren baitan landatutako nekazal produktuak plazara atera dituzte, eta borondatearen truke saldu. “Hemendik ateratzen dugun dirua jarri nahi dugun negutegi baterako izango da”, azaldu dute.
Azken bi urteetan egin modura, herriko eta inguruetako baserritarren behorrak, zaldiak, poneyak, idiak eta ahuntzak ere egon dira ikusgai azokan, tartean, saritutako euskal artzain txakurrak. Animalia dotoreak ikusteko aukera eskaini du azokak.
Okela dastagai. San Migel elizaren arkupean prestatu dute, beste behin, okela. Parrila nagusian, txahalaren hegaleko xerrak, eta aldamenekoetan, solomoa, hirugiharra… 14:00etan ilarak izan dira okela dastatzeko. Ordubete inguru beranduago, azokak ateak itxi ditu datorren urtera arte.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.