Ondarroako Radixu Irratia, orain Lekeition ere bai
Arrakala irratia da Lekeitioko irrati librea, baina duela denbora batetik hona ez da uhinik ateratzen bere estudiotik. Isiltasun horren aurrean, Radixu irratiak Arrakala irratia «okupatzea» erabaki du, uhinak doinuz betez.Radixuko kideen arabera, Arr...
Arrakala irratia da Lekeitioko irrati librea, baina duela denbora batetik hona ez da uhinik ateratzen bere estudiotik. Isiltasun horren aurrean, Radixu irratiak Arrakala irratia «okupatzea» erabaki du, uhinak doinuz betez.
Radixuko kideen arabera, Arrakala irratiari buruz zerbait erantzuteko gai zen lekeitiarren bat aurkitzen zuten bakoitzean, «geldik dago» izaten zen erantzuna ia beti.Hori ikusita, Radixuko kideek Pedro Unanueren tropek, hain zuzen, Lekeition sartzea erabaki zuten, eta zapatuan egin zuten euren agerpena Lekeition. Ondarrutar izateak eraginda alde batetik, «inor mintzeko asmorik gabe, noski», eta irrati libreei bizitza emateagatik bestetik, Arrakala irratia okupatu zuten zapatuan. Horrez gain, Radixuko kartelak eta itsasgarriak ere ipini zituzten herri guztian, Radixu irratia Lekeitiora iritsi berri zela aditzera emateko.
Arrakala irratian gaur egun ia ez dago mugimendurik. Arrazoi nagusietako bat eraikin publiko batean egotean bertako ordutegira moldatu behar izatea da, eta kontuan hartuta irrati libreetan dihardutenek beste lan bat dutela ogibidetzat, zaila egiten zaie biak uztartzea.
Arrakalan sartzearen helburua «Lekeition norbaiti barrua mugiarazi eta martxan hastea» da, eta horren itxaropenagaz burutu zuten ekintza Radixuko kideek.
Orain lehen baino hurrerago daude Lekeitio eta Ondarroa. Lekeition 107.7an eta Ondarroan 105.5ean Radixu irratia entzuten da, egunean 24 orduz.
Arrakala eurenganatu izana aldarrikatzeko, Lekeitioko irratiaren kontrol mahaian ohar bat laga zuten: «Ez ukitu. Radixu irratiaren emisioa dago airean!».