Iragan asteko
astelehenean [irailak 25] Ondarroako kaian lehorreratutako marrazo kaxei ateratako argazki batzuek zenbait herritarren kezka azaleratu dute, eta horregatik eskatu dizkio
azalpenak Eguzkik Eusko Jaurlaritzari. Eguzkiko kideen esanetan, informazio kontrajarriak zabaldu dira azken egun hauetan, eta horiek argitzeko eskaria egin diote: “azalpenak ematea nahi dugu, eta publikoki egiten badute, are hobeago”.
Eguzkik dioenez, zenbait erakundek, marrazoak legediaren barruan arrantzatutakoak direla esan diete, Ondarroan
kaela bezala ezagutzen direnak,
Prionace glauca espeziekoak hain zuzen. Baina zenbait talde ekologistak salatu dute legez arrantzatutako marrazo horien artean
marrazo muturmotzak (Lamna nasus) zeudela; hauek arrantzatzea ez da legezkoa. Marrazo mota hau, nazioarteko
CITES hitzarmenaren babespean dago, desagertzeko arriskuan dagoen espeziea dela eta. Bestalde, marrazo mota honetako zenbait alek hegalak moztuta zeuzkatela ere salatu dute. Salaketa horien aurrean, Ondarroako
portuko langileei arrantzu hori zeinena zen ikertzeko eskatu zieten, baina hauek ez zuten arduradunik aurkitu.
Marrazoak Ondarroako portuan, iragan astelehenean.
Hau dela eta, Eguzki Talde Ekologistak
informazio zehatza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari: zenbat marrazo arrantzatu ziren, zein espezietakoak ziren, nork arrantzatu zituen, arrantza hori egiteko baimenduak dauden eta legerik urratu duten eta ikuskariek zer egin zuten Ondarroako portuan besteak beste.