2018ko kultur eta kirol ekimenak antolatzeko laguntzak, abian
Herriko kultur eta kirol elkarteek 2018ko ekitaldian ekimenak egiteko diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu eta eskaria egin eta justifikatzeko oinarriak ezarri eta onartu ditu Markina-Xemeingo Udalak. Irailaren 20ko Tokiko Gobernu-Batzarrean hartu zut...
2017ko abenduaren 31ra orduko diru laguntza eskaera egin eta datorren urtera begira dituzten ekintzak edo programa osoaren proposamenak aurkeztu ahalko dituzte taldeek, eta 2018ko abenduaren 31 izango dute epemuga jasotako diru laguntzaren justifikazioa egiteko.
Diru laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izango da, eta irizpide batzuk ezarri dituzte horretarako. Hala, euskara, parekidetasuna, autokudeaketa, beste talde zein udalaren ekintzetan parte hartzea, gazteen artean kultura eta kirola bultzatzea, sormena sustatzea, etorkinak gizarteratzeko ekintzak barne hartzea, balioak bultzatzeko jarduerak barne hartzea eta aurreko urteetan gauzatutako egitaraua eta balantzea kontuan hartuko dituzte.
Elkartegintza
Oinarrietan jaso dutenez, onuradunek egindako gastuak diruz laguntzekoak izango dira, «betiere diru laguntzaren xedeagaz lotura zuzena eta objektiboa baldin badute, eta 2015eko urriaren 22ko osoko bilkuran onartu zen Diru Laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrean ezarritako baldintzak betetzen badituzte». Diru laguntzetarako deialdiaren helburua elkartegintza eta herritarren parte hartzea sustatzea dela esan du udalak, eta urtero ekimenak antolatzen dituzten elkarte eta taldeei zuzeneko informazioa helarazi diete. Horrez gain, 2017an jasotako laguntzak justifikatzeko epea aurtengo abenduaren 31ra orduko egin behar dela gogora ekarri dute.
Diru laguntzak eskatzeko orria eta xehetasunak Markina-Xemeingo Udalaren webgunean jarri dituzte eskura.