Bihar hasiko da IV. Marabilli
Zapatuko Marabilli Jan jarduera gastronomikoa izango da berrikuntzetako bat. '10 minutu' master classerako eta Amparanoiaren kontzerturako ez dago sarrerarikOndarroako IV. Marabilli Sormen Festibalak bihar irekiko ditu ateak, euskal sortzaileak eta her...
Zapatuko Marabilli Jan jarduera gastronomikoa izango da berrikuntzetako bat. ’10 minutu’ master classerako eta Amparanoiaren kontzerturako ez dago sarrerarik
Ondarroako IV. Marabilli Sormen Festibalak bihar irekiko ditu ateak, euskal sortzaileak eta herritarrak batzeko plaza izateko helburuagaz.Astelehenean egin zuten aurkezpen prentsaurrekoa Bilbon Aitzol Aramaioren senide, lagun eta antolatzaileek, eta argi laga nahi izan zuten Marabilli «lagunarteko festibal ez profesionala» dela. Oinarri hori abiapuntu hartuta, lau eguneko egitarau betea dagoela aurretik nabarmendu zuten, «herriarentzat eta herriagaz» antolatutako egitaraua. Kirmen Uribe antolatzaile eta Manuelistak nabarmendu zuenez, «ia herri osoan egongo dira jarduerak urriaren 5etik 8ra».
Aurtengo Marabilli Sormen Festibalean belaunaldi jakin bat hartu dute ardatz. Uriberen iritziz, «olatu handia da belaunaldi hori, eta hazten dago»; besteak beste, Miren Amuriza, Espainiako Dantza Sari nazionala irabazi berri duen Kukai taldea eta Jon Maya dantzaria, Ander Lipus eta Iratxe Fresneda dira belaunaldi indartsu horren adierazle. Antolatzaileek azaldu dutenez, «Marabilli, batez ere, sortzaileen topalekua izatea» nahi dute, elkarregaz egoteko lekua, «Marabilli modu aparta da-eta belaunaldi hori plazara ateratzeko».
Beste alde batetik, jadanik Marabilli festibalaren lagun handiak direnen jarduerak ere nabarmendu dituzte. Horietako bi dira Asier Altuna eta Ander Lipus. Azken horrek urteak zeramatzan Marabillin parte hartzeko gogoagaz, baina datak zirela eta, ezin izaten zuen bere lagun zenaren omenezko festibalean parte hartu. Aitortu duenez, aurtengo urrirako Hozkailua antzezlana taularatuta edukiko zutela ohartu zenean eta Manuelisten deia jaso zuenean asko poztu zen, denbora luzez zegoen-eta zain festibalean modu horretara parte hartu ahal izateko. Zinemagileak, bestalde, bere sekuentzia kuttunak erakutsiko ditu, aurretik Fernando Leon de Aranoak edo Montxo Armendarizek egin zuten bezala. Baina ez ditu bakarrik bere lanetako sekuentziak azalduko, baizik eta zinema munduak emandakoen artetik gogokoen dituenak.
Aurten, baina, iaz Goiko Zinean beragaz batera egon zen Jose Mari Argoitia San Martinen laguntzarik ez du edukiko Altunak, «zoritxarrez». Baina ondarrutarra gogoan edukitzeko, bi omenaldi egingo dizkiote zapatuan, bat eguerdian eta bestea gauean. Antolakuntzako kideek esan zutenez, «asko» ikasi zuten Jose Mari Argoitiarengandik, eta hutsune handia laga du. Eguerdikoa zinema aretoan bertan izango da, bera hain eroso sentitzen zen leku horretan, hain zuzen ere, eta bigarrena, berriz, Alde Zaharrean: musika eskolako haurrek Argoitiak Itoiz taldearentzat idatzitako Marea Gora eta Lo egin abestiak kantatuko dituzte, Dantzarte taldekoek balkoietan dantzan egiten duten bitartean.
Esperientzia gastronomikoa
Marabilliko antolatzaileek herritarrekin batera ekintzak antolatzeko zereginean, jarduera berri bat antolatu dute aurten: Marabilli Jan jarduera gastronomikoa. Azken batean, sormenaren inguruan dauden eta egon daitezkeen diziplinak batzen joan nahi du festibalak. Hori dela eta, Aitzol Aramaioren lau lanetan inspiratutako pintxoak prestatuko dituzte Itsasaurren, Cantabriko tabernako Pantxo Bedialaunetak, Zamora Etxeko Karle Beristainek, Beikoziniko Gorka Urrestik eta Sutargiko Haitz Bengoetxeak. Aramaioren Un poco de chocolate, Terminal, Solo rock and roll eta Kepa Junkeragaz egindako Buenos Aires lanetan oinarrituko dira sukaldariak esperientzia gastronomikoan.
Ondarroako herriaren eta Marabilliren arteko uztarketa geroz eta estuagoa ari da izaten, eta antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete euren ekintzak antolatuaz egitaraua osatzen lagundu duten taldeei. Eurentzat oso garrantzitsua da herritarrak jaira batzea. Besteak beste, Zubi Zahar herri ikastola (erraldoi eta buruhandien Euskal Herriko topaketa), Gaztetxea (igoera bertikala Tontorramendira), Unanue udal musika eskola, Kresala Elkartea, Bertsutan bertso eskola eta beste hainbat elkarte egitarauan egoteak berebiziko indarra dauka. Bestalde, zenbait ondarrutarrek norbanako gisa ere parte hartuko dute Marabillin, eta horren adibide dira Antxon Uskolak Joseba Irazokigaz Musika Plazan eskainiko duen sormen lanen uztarketa, musika eta margoketa oinarri izango dituena edota Oier Ituarteren Aztarnak argazki erakusketa domekara arte dago ikusgai Udal Erakusketa Aretoan.
Festibalean parte hartuko duten herriko beste eragile bi Portuko Ranpi eta Barnetegixe dira, Marabilli off ekimenaren barruan. Barikuan, goizaldeko 01:00ean, El Gancho Sonidero DJ bikote zaragozarraren kontzertua egongo da Portuko Ranpan. Barnetegixe gunean, berriz, barikuan Pink Floyden The Wallen bertsio originala ondarrutar azpitituluekin ikusi ahalko da; gune berean, beste gela baten, ondarrutarrek egindako film laburrak proiektatuko dituzte: Anabasa Eremua, Bñt proiektu, Harria gorde, Leokadi, Minutu bat h.m., Ondar Ahoak, Ondarruko Vasca, Recreacion, Securitas Angelorum, Terminal, Zea bingo! eta Zeiñ de Olentzero?. Barikuan bertan, 16:00etan, Josu Eizagirrek Anabasaren 20.urteurrena aurkezpena egingo du, bere film laburra hasi baino lehen, eta 18:30ean gauza bera egingo du Aiert Goenagak, Zeiñ de Olentzero? izenburupean.
Ondarroa eta Galizia
Ondarroak, eta orokorrean Euskal Herriak, betidanik eduki izan dute lotura berezia Galiziagaz. Hari horri helduta, ekimen bi antolatu dituzte. Lehengoa, Xurxo Souto idazle galiziarraren Contos do Mar de Irlanda emanaldia; arrantza oinarri hartuta hainbat ondarrutarrek urte luzez lantoki izan duten Ronck All inguruko istorioak kontatuko ditu. Bestea, Dabide Cabaleiroren Sitio distinto fima da. Film horrek Galiziatik Euskal Herrira etorritako herritarren historia kontatzen du, nola etorri ziren, nola sartu ziren euskal gizartean, eduki dituzten harremanak eta abar.
Zenbait ikuskizunetarako sarrerak amaituta daude dagoeneko, eta beste batzuetarako gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Esate baterako, 10 minutu ikusteko eta Amparanoiaren kontzerturako dagoeneko ez dago sarrerarik, eta Zea Mays taldeaz eta DJ Elepuntogaz gozatzeko ere sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratzen.
Manuelistek nabarmendu dutenez, Marabilli Sormen Festibalak herriari bizia eman nahi dio egun hauetan.