Ertzaintzak 1.000 marihuana landare atzeman ditu Mutrikun
Eibarko ertzain etxeko agenteek 1.000 marihuana landare atzeman zituzten martitzen goizean Mutrikuko pabilioi batean.Gordelekua errentan hartuta zeukaten bi gizonezko identifikatu zituzten, landaketarekin harremana zeukatelakoan, eta bat atxilotuta era...
Gordelekua errentan hartuta zeukaten bi gizonezko identifikatu zituzten, landaketarekin harremana zeukatelakoan, eta bat atxilotuta eraman zuten ertzainek.
Polizia operazioa iraileko lehen egunetan hasi zen, ertzainek aurrez fitxatutako pertsona jakin batzuen mugimenduak ikusi baitzituzten pabilioi baten inguruan, gauez. Ustez, pabilioi horrek ez zeukan lan aktibitaterik, eta ordu txikietan jendea inguruan ibiltzeak ohartarazi zituen agenteak. Gainera, Ertzaintzak pabilioia kokatzen den gune industrial berean beste marihuana landaketa bat atzeman zuen 2014. urtean, eta ikerketa bat abiatu zuten.
Bertaratu ziren ertzainak kalamu usain handia zegoela konturatu ziren, eta ohartu ziren pabilioiko aireztatze sistemaren hodiak atzeko aldera zuzenduta zeudela.
Ertzainek ikusi ahal izan zutenez, pabilioira sartu eta irten ugari egiten zituen pertsonetako bat duela hiru urteko operazioan drogen trafikoa egotzi zioten auzipetuetako bat zen. Bestalde, ertzainek frogatu ahal izan zuten gauez pertsona batek zaintza lanak egiten zituela pabilioiaren inguruetan.
Legez kanpoko ekintzaren bat egiten ari ziren susmoarekin, Ertzaintzak jarraipen eta kontrol operazio bat muntatu zuen. Herenegun goizean, gizonezko bat identifikatu zuten pabilioitik ateratzera zihoanean. Barrura sartu zirenean, poliziak 1.000 landarez osatutako landaketa aurkitu zuen; batzuk, gainera, salmentarako prest. Hori ikusita, ertzainek 37 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuten, droga trafikoa egotzita.
Atzemandako materiala
Landaketak ureztatze sistema automatikoa, indar handiko 100 bat lanpara eta hainbat haizegailu zituen. Gainera, hainbat erauzgailu, hezetasuna kentzeko gailuak, termo-zigilatze makinak eta zehaztasun baskulak ere atzeman zituzten Eibarko ertzain etxeko agenteek.
Aurkikuntza horren aurrean, Ertzaintzak diligentziak zabaldu ditu atxilotutakoaren eta identifikatuta daukaten beste gizonezkoaren aurka. Biei osasun publikoaren aurkako delitua egozten die. Ikerketak oraindik zabalik jarraitzen du.