Musikaz betetako astea dakar Musika Bandaren 150. urteurreneko ospakizunak
Zapatuan hasi eta urriaren 14ra arte luzatuko da Aste Musikala. Era askotako taldeen doinuekin gozatu eta bandaren historia ezagutzeko aukera egongo da. Dokumentala estreinatuko duteLekeitioko Musika Bandaren 150. urteurreneko ospakizunen amaiera legez...
Zapatuan hasi eta urriaren 14ra arte luzatuko da Aste Musikala. Era askotako taldeen doinuekin gozatu eta bandaren historia ezagutzeko aukera egongo da. Dokumentala estreinatuko dute
Lekeitioko Musika Bandaren 150. urteurreneko ospakizunen amaiera legez, Aste Musikala ospatuko da bihartik urriaren 14ra bitartean, Lekeition. Herriko musika taldeen emanaldiak eskaini, eta bandaren historia laburbiltzen duen dokumentala ere estreinatuko dute egunotan.Udalerriko akta batean azaltzen denez, 1867. urteko urriaren 14an onartu zuen udalbatzak bandaren hasiera, eta astebete aurretik hasi eta egunean bertan amaituko dira ekimenak. Urtzi Iriondo Lekeitioko Musika Bandaren zuzendariak gogora ekarri duenez, urte osoko egitaraua prestatu zuten 150. urtemuga ospatzeko. «Lau ziklo antolatu ditugu, eta Aste Musikala azkena izango da».
Aittitta Makurra Txarangaren kalejiragaz hasiko da bihar Aste Musikala, eta 12 Hilabete, 12 Kontzertu zikloaren hileroko kontzertuaz gozatzeko aukera ere egongo da, beti bezala, 20:00etan, Andra Mariaren Zeruratzea basilikan. Domekan eta astelehenean, berriz, kalejiran ibiliko dira herrian zehar, Itxaropena Txistulari Taldea eta Musikaia Musika Eskolako musikariak.
Kioskoan
Datorren astean Musika Bandaren 150 urteko historia ezagutzeko aukera ere egongo dela azpimarratu du Urtzi Iriondok. «Fernando Garatea artxibo guztiak miatzen ibili da, eta musika bandaren hastapenetatik gaur egunera arte aurkitu duen informazioa ezagutzera emango die herritarrei». Horrez gain, bisita gidatua ere antolatu du. Hala, eguaztenean, 17:00etan, Konpainiako eliza aurretik irtengo da Fernando Garateak gidatutako bisita, eta 18:00etan, hitzaldia emango du kultur etxean.
Musika bandaren dokumentala ere nabarmendu du bandaren zuzendariak. Enekoitz Andonegi zuzendariaren, Amaia Uribe kazetariaren eta Urtzi Iriondo beraren artean sortu dute ikus-entzunezkoa. «Hiruron artean zuzendu dugu, Fernando Garatearen laguntzagaz». Dokumentala urriaren 13an emango dute, 19:00etan, Ikusgarri zineman. «Bi bidaia paralelo kontatzen ditu, alde batetik, bandaren historia eta bestetik, orain dela urte bete bandak Holandara egindako bidaia».
Herriko taldeez gain, Ondarroako metal taldearen eta Donostiako Big Bandaren kontzertuekin gozatzeko aukera ere izango dute musikazaleek. Lehenengoa urriaren 11n, Azkue aretoan, eta bigarrena urriaren 12an, Ikusgarri zineman.
Bandaren urteurren egunerako, bestalde, Aratuste Alai Estudiantinaren kalejira eta Lekitto Musika Bandaren kontzertua utzi dituzte. Bandako zuzendariak azaldu duenez, hainbat urtetan egin modura, Kioskoan joko du herriko bandak, «jarraitzaileentzako opari modura».