Umeen 19. arrantza lehiaketa egingo dute bihar, Ondarroan
Arrigorri Itsas Arrantza elkarteak umeen 19. Arrantza Lehiaketa antolatu du bihar arratsalderako. Zubi Barritik hasi eta portuko muturreraino, 4 eta 14 urte bitarteko hainbat neska-mutil eta haien senideak batuko dira kanaberak eskuetan.14:00etan dauka...
14:00etan daukate hitzordua Musika Plazan. Bertatik abiatuko dira kalejiran lehiaketarantz, eta txapligu bategaz emango diete amaiera lehiaketari. Momentu horretatik aurrera ezingo da arrainik harrapatu, eta parte hartzaileak plaza ingurura hurbildu beharko dira.
Aurtengo sariak arrain pisutsuena arrantzatzen duenarentzat, arrain pieza gehien arrantzatzen dituenarentzat eta neska zein mutil gazteenentzat izango dira, baina antolakuntzak gogorarazi du parte hartzaile guztientzat egongo dela zerbait.
Lehiaketan parte hartzeko hiru dira baldintzak: arrantza amuagaz egitea, lazunik ez harrapatzea eta arrantzatutako piezek 7 zentimetro baino gehiago edukitzea. Azken baldintza horren xedea arrain txikiegiak edo heldu barik daudenak ez harrapatzea da.
Izen emateak
Ikasleek ikastetxeetan eman behar dute izena, baina horrela egin ez dutenek edo Ondarroako ikastetxeetan ikasten ez dutenek Musika Plazan eman ahalko dute izena lehiaketa hasi baino lehen; momentuz, 250 bat gazte daude izena emanda.