VI. Surf Eguna ospatuko da bihar, Mendexako Karraspio hondartzan
Adin guztientzako surf ikastaroak egongo dira goizean. Olatuak egonez gero, Bodyboard Txapelketa jokatuko da estreinako. Kantauri Surf Ligako saioa ere Karraspion lehiatuko daBihar ospatuko da eguraldia zela-eta atzeratutako VI. Surf Eguna. Ekitaldia a...
Adin guztientzako surf ikastaroak egongo dira goizean. Olatuak egonez gero, Bodyboard Txapelketa jokatuko da estreinako. Kantauri Surf Ligako saioa ere Karraspion lehiatuko da
Bihar ospatuko da eguraldia zela-eta atzeratutako VI. Surf Eguna. Ekitaldia antolatzen duten Artzabal Surf Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, eguraldi ona dago iragarrita, eta, beraz, surfa eta jaia uztartzen dituen egunagaz gozatzeko aukera egongo da Mendexako Karraspio hondartzan. Surfa, erreki sorta eta kontzertuak izango dira jaiaren muina.09:00etarako mahaiak jarrita egongo dira surf ikastaroetarako izena emateko. Ikastaroak doan izango dira, adin guztientzat, eta 10:00etan hasiko dira ematen.
Artzabal Surf Elkarteak eskainiko du ikastaroetako materiala. Hala ere, norbere materiala ere eraman ahal da. Antolatzaileek aitatu dutenez, aurten ohol gutxiago izango dituzte, eta, beraz, eskertuko dute eramatea.
Bestalde, ura oraindik epel samar badago ere, daukanak neoprenoa eramatea gomendatu dute. «Ikastaroak ordu erdikoak izango dira, eta denbora hori igarota, taldeak aldatzen joango gara».
Txapelketak
12:30ean Txiki-Surf Txapelketa jokatuko da 14 urtetik beherakoentzat, eta arratsaldean, berriz, nagusien Open Surf Txapelketa. Horrez gain, olatuak egonez gero, Bodyboard Txapelketa ere egongo dela aurreratu dute Artzabal Surf Elkartekoek.
Bestalde, Kantauri Surf Ligako bigarren txanda jokatzen hasiko dira asteburuan, eta saio bat Karraspion lehiatuko da. Grosseko surflariak eta Artzabal Surf Elkartekoak neurtuko dira 10:00etan hasiko den jardunaldian. «Surf ikastaroak eta Kantauri Surf Ligako saioa ordu berean jokatuko dira, baina hondartzako hainbat lekutan», zehaztu dute.
Surf Eguneko txapelketetan parte hartzen dutenentzat sariak egongo dira aurten. Banaketa 18:00etan hasiko da, kontzertuak hasi orduko.
VI. Surf Egunean ere, giro ezinhobea egotea da Artzabal Surf Elkartearen helburua. Hori dela eta, kirolari festa giroa gehituko diote. Hala, txosna aurkituko dute zabalik egun osoan Karraspiora doazenek, eta erreki sorta ere aukeran egongo da prestatzen hasten direnetik janaria amaitu arte.
Eguna festa giroan amaitzeko, Crianza Clearwine Revival eta The Flipping Karlomagnos taldeen kontzertuak egongo dira, 19:00etatik aurrera.