Manuelistak: «Mila esker denoi!»
Ekintzaz beteriko lau egunen ostean, domekan amaitu zen IV. Marabilli Sormen Festibala Ondarroan. Jende asko ibili da, eta giro bikaina egon da herrian.Marabilli Sormen Festibala geroz eta sustraituago dago Ondarroan, eta amaitu berri den laugarren fes...
Ekintzaz beteriko lau egunen ostean, domekan amaitu zen IV. Marabilli Sormen Festibala Ondarroan. Jende asko ibili da, eta giro bikaina egon da herrian.
Marabilli Sormen Festibala geroz eta sustraituago dago Ondarroan, eta amaitu berri den laugarren festibalak argi asko laga du hori. Eguenean hasi eta domekara arte herritarrek zein kanpotik etorritakoek mota guztietako ekintzekin gozatu ahal izan dute.Bariku arratsaldean egin ziren ekitaldi gehienak. Xurxo Souto idazle galiziarrak bere izate berezia erakutsi zuen Kofradia Zaharreko hitzaldian, bertaratuak abesten eta dantzan jarriz. Musika eskolako ikasleek, gainera, Rianxeira abestuz egin zioten ongietorria. Horren osteko Antxon Uskola margolariaren eta Joseba Irazoki abeslariaren margo musikatuak ere jende asko erakarri zuen. Eta Amparanoiaren kontzertu bikainagaz amaitu zen eguna.
Egunik garrantzitsuena eta jendetsuena, baina, zapatua izan zen. Jose Mari Argoitiari egindako omenaldiak, batetik, eta kontzertuek, bestetik, eguna ederto borobildu zuten. Une hunkigarriak bizi izan ziren, gainera, gauean: Argoitiaren omenaldian Itoizko kideak oholtzara igo zirenean, alde batetik, eta Zea Mayseko abeslari Aiora Renteriak Ondarroako herriari hunkituta eskerrak eman zizkionean, bestetik: «Berezia da Ondarroak Zea Mays taldearekiko duen lotura, mila esker!».
Saria, Urmenetarentzat
Zapatu eguerdian Manuelisten bazkarian eta berak aurretik ezer jakin gabe, Asisko Urmeneta marrazkilariari eman zioten I. Euskal Herriko Sormen Saria, bere itxurako buruhandi bat: «Artista plastiko gisa duen kalitateagatik, euskararekiko duen loturagatik eta kultur eragile gisa egin duen lanagatik» erabaki zuten Manuelistek saritzea.
Domekan, Ondarroa eta Lekeitio arteko bertso desafioa egon zen, gero emanaldiak zineman, eta festibalari Ander Lipus aktorearen Hozkailua antzezlanak eman zion amaiera. Bukaeran, Manuelistak igo ziren oholtzara: «Eskerrik asko, Ondarru! Mila esker denoi!».