Surflari eta surfzaleen topaleku izan da Karraspio hondartza
Surflari eta surfzalez bete zen zapatuan, Karraspio hondartza. Surf txapelketa eta hastapen ikastaroak izan ziren Artzabal Surf Elkarteak antolatutako XI. Surf Egunaren muina, horri, baina, festa giroa gehitu zioten, txosna, erreki sorta eta kontzertua...
Goizean fresko zegoelako, beharbada, aurreko urteetan baino ume eta gazte gutxiago animatu ziren surf ikastaroetan parte hartzera. Guztira 60 ume inguru jarri ziren ohol gainean, olatuen artean zelan ibili ikasteko. Eta horiei begira ikusle asko. Hondartzatik zein pasealekutik jarraitu zituzten ikastaroak eta ondorengo txapelketak.
Eguerdirantz jokatu zen Txiki Surf Txapelketa, eta irabazlea Oxel Oregi markina-xemeindarra izan zen. Bigarren eta hirugarren lekeitiar bi gelditu ziren: Aner Larreategi eta Gari Markuerkiaga. Arratsaldeko Open Surf Txapelketa Jerome izeneko frantsesak irabazi zuela jakitera eman dute Artzabal Surf Elkartekoek. Mikel Abasolo izan zen txapeldunordea.
Olatu askorik ez zen egon zapatuan, baina itsasaldiak joko apurra ematen lagundu zion estreinako egiten zen Bodyboard Txapelketari. Karmel Zubiaur lekeitiarra izan zen trebeena body gainean, eta haren atzetik gelditu ziren sailkapenean Andoni Jaio eta Markel Leturia lekeitiarrak.
Bestalde, Surf Egunagaz batera egitekoa zen Kantauri Surf Ligako saioa bertan behera geratu zen.