Ignacio Ipiñaren erakusketa bisitatzeko epea luzatu du udalak
Gautegiz Arteagako udaletxean jarrita dagoen Ignacio Ipiñaren erakusketak izandako arrakasta dela eta, urriaren 31ra arte luzatu du bisitatzeko epea udalak.Aipatu erakusketan, artistaren 26 koadro ikus daitezke, non bere argi eta itzalen jokoak gailen...
Aipatu erakusketan, artistaren 26 koadro ikus daitezke, non bere argi eta itzalen jokoak gailentzen diren. Erakusketa bisitatu nahi duenak astelehenetik barikura 10:00etatik 14:00etara egin dezake.
Abuztuaren 11n inauguratu zuten Ipiñaren erakusketa. Bertan, Bilbon jaiotako artistak 50, 70, 80 eta 90eko hamarkadetan burutu zituen lanak jarri dituzte ikusgai. Meatzei buruzko margolanak egiten zituen Ipiñak, baina horien artean, Urdaibaiko paisaiak ere margotzen zituen: bertoko baserriak, antzinako ontziolak, paisaia naturalak… Ipiñak zioen bezala, natura zen bere irakaslea. Paisaia-margolaria zen, figuratiboa, eta angelu handiko ikuspegira jotzen zuena. Argi eta itzalen arteko jokoa erabiltzen zuen bere lanetan Bilboko artistak, kontrasteetan oinarritzen zen. Gizakien irudiak oso gutxitan ikus zitezkeen bere margolanetan, baina argiaren eta itzalen bitartez, paisaia gizakia bihurtzen zuen.
Ipiñaren koadroek «gure paisaiaren aztarna emozionala osatzen» dutela-eta, ahalik eta jende gehienari artistaren lana ezagutzeko aukera emateko erakusketaren epea luzatzea erabaki du udalak. Izan ere, «gure kulturaren aldeko sentisibilitatea bultzatzearen alde» egiten dutela azpimarratu du herriko alkate Juan Felix Naberanek.