79 autok parte hartuko dute Gernika-Lumoko Rallyan, bihar eta zapatuan
Zapatuan 08:00etan emango diote hasiera erlojupeko bederatzi tarte izango dituen rallyari. Zihara Esteban gidari gernikarrak lehen aldiz parte hartuko du etxeko probanMende laurdenerako bidean da Gernika-Lumoko Rallya. Aurten, 79 autoren parte hartzeag...
Zapatuan 08:00etan emango diote hasiera erlojupeko bederatzi tarte izango dituen rallyari. Zihara Esteban gidari gernikarrak lehen aldiz parte hartuko du etxeko proban
Mende laurdenerako bidean da Gernika-Lumoko Rallya. Aurten, 79 autoren parte hartzeagaz, 24. Rallya lehiatuko dute. Bihar eta etzi nabarituko da auto hotsa Gernika eta inguruetan. Aurrekoetan legez, parte hartzaileen artean, Lea-Artibai eta Busturialdeko ordezkaritza zabala izango da.68 autok parte hartuko dute lastertasun proban, eta 11 izango dira Sport erregulartasunaren kategorian lehiatuko direnak. Abiadura kategorian, esaterako, Gernika Racing elkarteko lau auto egongo dira: Ander Learreta eta Maialen Guridirena; Ivan Muñoz eta Hodei Madariagarena; Jon Murgialdai eta Mikel Barandikarena eta Anartz Arrieta eta Mikel Zarragoikoetxearena. Bakarra izango da, aldiz, Sport erregulartasunaren kategorian: Luis Angel Urionabarrenetxea eta Ruben Santanarena. Bestelako lasterketa taldeekin ere ariko dira bertoko gidari eta kopilotuak: hala nola, Txus Jaio eta Jesus Urkidi, Aitor Saizar, Juan Carlos Vazquez, Inhar Arrien, Aitor Irazabal, Ander Bikandi, Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia, Ioritz Abaroa eta Iskander Kobeaga, Ion Ugaldebere, Zihara Esteban…
Azken momentuan erabaki du parte hartzea Zihara Esteban gidari gernikarrak. Etxean lehiatzen den lehenengo aldia izango da gidari gaztearentzat, eta «berezia» izango dela aipatu du.
Aitortu duenez, «betidanik» parte hartu nahi izan du Gernikako rallyan; hori dela eta, «gogotsu eta ilusioz» dago auto gidaria. Arriskatu beharrik ez eta presiorik ere ez daukala aipatu du; horregatik, gozatzera aterako dela esan du, eta bere lagun eta familiakoek ere hala egitea espero du.
Hainbaten arteko lehia
Iaz, Ivan Muñoz gidariak eta haren kopilotu Hodei Madariagak irabazi zuten Gernika-Lumoko Rallya, eta aurten ere, garaipena eskuratzeko aukera izango dute. Hala ere, beste hainbatekin borrokatu beharko dira, aurten ere, zenbait pilotu esanguratsu hartuko dituelako Gernika-Lumok. Euskadiko Rally Txapelketa berenaganatzeko lehian ari diren Ugaitz Basarasek, Aingeru Castrok eta Garikoitz Lopezek parte hartuko dute, esaterako. Gernika Racing Elkarteko kide Hibai Bilbaoren ustez, «saltsan izango dira, gainera, Txus Jaio, Ander Learreta, Jon Casais…». Halaber, Zihara Estebanek joan den astean Katalunian egindako lasterketa ikusita, seguraski «gerra» emango duela uste du Bilbaok. «Gutxi gorabehera, horien artean egongo da garaipena, baina rally luzea da, eta gerta daiteke azken momentuko zerbait ere. Ezustekoak ere egon daitezke».
Proba zapatuan 08:00etan hasiko dute, orduan aterako baita lehen autoa Pasealekuko parke itxitik. Probako lehen atala Munitibarren hasiko dute, eta Bizkaiko begiratokira igo, Urrutxu eta Montecalvo igaro eta Zugastierarainoko bidea egin beharko dute. Bigarren zatia Fruizetik Morgarainokoa izango da, eta hirugarrena Gernika, Lumo, Metxika eta Olabarritik igaroko dena. Azkenik, Mendatatik Arratzura joan beharko dira, Ibartxutik igarota.
Gernikakoa Euskadiko Rally Txapelketarako puntuagarria izango da, eta guztira, erlojupeko bederatzi tarte izango ditu, 98,70 kilometrokoak. Ibilbideak, guztira, 274,17 kilometro izango ditu, baina horien artean 176,77 kilometro loturakoak izango dira.
Helmuga eta sari banaketa
Helmuga Pasealekuan izango dute, eta lehen autoa 19:30ak inguruan ailegatzea aurreikusten dute. 21:00etan jakinaraziko dituzte sailkapen ofizialeko emaitzak, eta ordu erdi beranduago hasiko dute sari banaketa, parke itxian.
Egun handia zapatukoa izango bada ere, bihar egiaztatze administratibo eta teknikoak egiteko eguna izango dute. Gauean jakinaraziko dituzte zapatuan irteera hartzeko baimendutakoenen zerrenda.