Asfaltatze lanak direla eta, hainbat mozketa egingo dituzte Mutrikun
Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, bi egunetan egingo dituzte lanak, eta asteleheneko 08:00etarako autoak kenduta egon behar dira toki batzuetatikAurreko egunetan egin bezala, Mutrikuko Udalak asfaltatze lanak egingo ditu zenbait kaletan, autoentza...
Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, bi egunetan egingo dituzte lanak, eta asteleheneko 08:00etarako autoak kenduta egon behar dira toki batzuetatik
Aurreko egunetan egin bezala, Mutrikuko Udalak asfaltatze lanak egingo ditu zenbait kaletan, autoentzako bidea hobetzeko eta herritarren segurtasuna areagotzeko, eta horrek eragina edukiko du zirkulazioan eta autoak aparkatzerako orduan.Urriaren 16an eta 17an (astelehena-martitzena), Mikel Deuna eta Gaztañeta Almirantea kaleetako hainbat zatitan asfaltatze lanak egingo dituzte, eta horregatik, bi egun horietan ezin izango da kale horietan autorik aparkatu, eta zirkulazio mozketak ere izango dira. Udalak kale horietako etxebizitzen atarietan eta autoetan jarri duen oharraren arabera, kalean ezingo da autorik egon aparkatuta urriaren 16ko 08:00etarako.
Mikel Deuna kalean, egoitzaren aurrealde guztia asfaltatuko dutela jakinarazi du Ion Gambra Mutrikuko Udaleko Gobernazio zinegotziak, zaborren edukiontziak dauden lekutik hasi eta futbol zelaiko etxeetako garajeetarako sarreraraino, hain zuzen. Horretaz gain, futbol zelaiaren pareko etxeen bukaeratik errepidera doan aldapa ere asfaltatuko dute.
Gaztañeta Almirantea kalean, berriz, Gaztañeta parkeko sarreratik hasi eta ikastola atzeko ur biltegiaren ondoan dauden zaborren edukiontzietaraino hainbat bide zati asfaltatuko dituzte. Horregatik, urriaren 16an eta 17an ibilgailuentzat itxita egongo da kale hori ere, eta ezingo da aparkatu eremu horretan. Nabarmendu dutenez, janari dendaren aurrealdean dagoen aparkaleku handia erabili ahal izango dute herritarrek, baina azaldu dute, alde batera edo bestera eduki ditzakeela sarrera eta irteera, momentu horretan lanean dauden eremuaren arabera.
Udalak gogorarazi du, ikastola, institutua eta kiroldegia dauden lekuan egonda, balitekeela arazoren bat sortzea, baina azpimarratu dute lanek dirauten bi egunetan erabiltzaileak beste aldetik igaro beharko direla, hau da, Jose Mari Ezeiza kaletik edo Olatz bidetik.