Asteburu osorako aukera dakar 35. Urriko Azoka Nagusiak
Eskualdeko abeltzain eta ekoizleen 254 abelburu eta 64 postu egongo dira ikusgai. Aukera enologiko eta gastronomiko berriek osatuko dute azokaren eskaintzaEgun gehiagotarako eskaintzagaz dator aurten Lea-Artibaiko Urriko Azoka. Lea-Artibai Landa Garape...
Eskualdeko abeltzain eta ekoizleen 254 abelburu eta 64 postu egongo dira ikusgai. Aukera enologiko eta gastronomiko berriek osatuko dute azokaren eskaintza
Egun gehiagotarako eskaintzagaz dator aurten Lea-Artibaiko Urriko Azoka. Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak eta eskualdeko udalerriek antolatzen duten Urriko Azoka Nagusiagaz gain, aukera enologiko eta gastronomiko berriek osatuko dute eskualdeko abeltzain eta nekazal azoka garrantzitsuena.Urtero bezala, eskualdeko ekoizleen produktu aukera zabala eskainiko du etzi Markina-Xemeinen ospatuko den azokak. 10:00etatik 17:00etara izango dute azokazaleek bertoko produktuak erosi eta jai giroagaz gozatzeko aukera.
Eskualdeko abeltzainek 254 buru jarriko dituzte ikusgai, urtero legez, udaletxearen osteko aparkalekuan kokatuko duten animalien gunean. Guztira, 36 izango dira azokan parte hartuko duten eskualdeko abeltzainak, eta 72 behi buru, 2 idi buru, 36 zaldi buru eta 144 ardi buru eramango dituzte azokara.
Behi, idi, zaldi eta ardiez gain, Euskal Herriko arrazetako abereak ere erakutsiko dituzte aparkalekuaren ondoko berdegunean, eta aparkaleku inguru horretan lehiatuko da bai eta ere, Blond/Akitania arrazako behien txapelketa. Aurten, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko zazpi abeltzainen 107 abelburuk parte hartuko dute hainbat ataletan.
Zelaiaren bueltan aurkituko dituzte azokazaleek bertoko produktuez betetako postuak. Guztira, 64 postu izango dituzte produktuak ikusi, dastatu eta erosteko. Bost gaztagile, zortzi ortugile eta frutagile, lau okin, lau gozogile, hiru txakolin ekoizle, ahate produktuen ekoizle bi, eztigile bi, txerrikien ekoizle bi, sagardogile bi, irasagar eta barazki kontserba ekoizle bi, loreen mintegi bi, eta olio ekoizle, gilda ekoizle, arrain kontserba ekoizle, baserriko hamburgerren ekoizle eta baserriko okela paketeetan prestatzen duen ekoizle bana egongo dira.
Horrez gain, hogei artisauk, bost baserri tresna saltzailek eta hiru elkartek ere parte hartuko dute azokan. Azken horien artean, Plazakolako Gorabide, Izarbidean elkartea eta Zabaltzen Sartu elkartea daude.
Txakoli eta gazta, dastagai
Erosketak egin eta azokagaz gozatzen jarraitzeko, dohaneko gordailu zerbitzua eskainiko dute aurten ere Markina-Xemeinen. Horrez gain, azokan erosten duten erosleen artean, azokako produktuekin osatutako otzara bat zotz egingo dute.
Animazio eta erakustaldirik ere ez da faltako. Alde batetik, egur eskulturak egingo dituen aditu bat egongo da Goiko Portalean, eta motozerren lehiaketa bat ere egingo dute egurrak ebakitzen. Bestalde, osasun ohiturak eta elikagaiak landuko dituzten umeentzako tailer bi egongo dira azoka inguruan: elikagai piramidea landuko dute txikienek, eta menu osasungarri bat osatu eta ekoizleengana hurreratuko dira nagusiagoak.
Tarineko Trikipand taldearen kalejira eta bertsolarien saioa ere egongo dira eguerdian; udaletxeko balkoitik kantatuko dute Andoni EgaƱa eta Iratxe Ibarra bertsolariek.
Eskualdeko gastronomia, kultura eta ondarea ezagutzera emateko ekimen berriak prestatu ditu, bestalde, Leartibai Garapen Agentziak Urriko Azokari begira. Horrela, azoka egunean bertan txakoli eta idiazabal gaztaren dastaketa egiteko aukera egongo da Arkupean, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik. Bi aukera egongo dira horretarako: 12:30ean izango da lehenengoa eta 13:30ean bigarrena.
Horrez gain, domekan, Markina-Xemeinen zehar bisita gidatua eta Axpe Sagardotegian sagardo dastaketa egongo dira bai eta Show Cooking-a ere. Lea-Artibai eta Uribe eskualdeetako turismo informazioa eta enpresen eskaintza egongo da ikusgai Zelaian, azoka egunean, eta bi eskualdeetako produktuekin sukaldatu eta prestatutakoa dastatzeko ekimen berezia egingo da domekan, Uhagonen.
Ekintza horiek guztiak dohakoak direla zehaztu dute antolatzaileek, baina lekua mugatuta dagoenez, parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, Leartibai Garapen Agentziara deituta.