Euskaldun 2.0.-ak
Dikotomiaren munduan, bitan banatu ezin direnak ere banatzen ditugu askotan: mendia edo hondartza, hiria edo herria, emakumea edo gizona... eta euskaldun berria eta euskaldun zaharra.Orain arte nik neuk ere horrela ulertu izan dut: ama hizkuntza euskar...
Orain arte nik neuk ere horrela ulertu izan dut: ama hizkuntza euskara duena euskaldun zaharra izan da niretzat, eta hizkuntza kanpotik jaso duena euskaldun berria. Baina guztia ez da zuria edo beltza. Eta gero eta ohikoagoa da hirugarren (eta laugarren, bosgarren, enegarren) multzoa ere hor egotea.
Euskaltegietan denentzako «euskaldun» berba (atzetik zahar edo berri ipini barik) erabiltzen dutela irakurri dut. Idealena kalean ere atzetik adjektiborik ez jartzea litzateke, baina, momentuz, erabili egiten dira. Beraz, konturatu behar genuke noiz, nola eta zertarako erabiltzen dugun kontzeptu bakoitza.
Asko dira euskaldun berrien seme-alaba euskaldun zaharrak. Horietako asko eta asko euskara batua ama hizkuntzatzat dutenak. Eta badago jende multzo handi bat ama hizkuntzatzat euskara ez duena, baina euskara eskolan jaso duena urte 2tik hasi eta gaur arte. Pertsona hori euskaldun zaharra da, umezaroan ikasi duelako. Baina, agian, ez da bere burua euskaldun zahar izendatzera ausartuko. Ezta euskaldun berri ere. Eta, beraz, kolektibo handi horrek ez dauka kalean bere burua definitzeko berbarik.
Izenik ez daukanak ez omen dauka izanik, eta hori esan zuenak ez dauka arrazoi faltarik. Euskaldun multzo hori erraldoia da, eta giltza izango da euskara salbatuko bada. Baina multzo horretako jendeak bere burua ezin badu definitu, agian, atxikimendu txikiagoa sentituko du hizkuntza horrenganako. Izan ere, zerbait definitzeak nortasuna eta harrotasuna ere badakartza, eta autoestimua hobetzen ere laguntzen du. Kolektibo baten parte izateak berresten ditu kolektibo horren baloreak.
Lehengoan Barakaldoko bati entzun nion esaten euren artean euskaldun 2.0.-ak bezala definitzen dutela euren burua, komunitate hori. Eta izugarri gustatu zitzaidan kontzeptua: modernoak dira, 1.0.-en ostean etorri direnak, berrituta, eta euskarari ekarpena egiteko prest. Autokontzeptu positiboa da, eta hori da euskarak behar duena. Gainera, komunitatea bisibilizatzen du: multzo horretako jende guztiak harro esaten duen egunean «ni euskaldun 2.0.a naiz», agian, egun horretan, konturatuko gara uste duguna baino komunitate handiagoa dela, asko eta asko direla.
Aktualizatu dezagun sistema. Zabal dezagun «euskalduna naiz» esango dutenen kolektiboa eurek euren burua definitu duten bide horretatik. Gero eta errazago helduko gara denok «euskaldun», atzeko adjetiborik barik, erabiliko dugun unera. Euskarak eta euskaldunok irabaziko dugu.