Bera Kruz, 100 urte hezten
Ikastolaren sorreraren mendeurrena ospatuko du urriaren 28an Bera Kruz ikastolak. Ikasturte honetan martxan jarri dituzten instalazio berriak ere inauguratuko dituzte.Inguruko nesken hezkuntzaz arduratuta, ikastetxe txiki bat sortzea erabaki zuten 1917...
Ikastolaren sorreraren mendeurrena ospatuko du urriaren 28an Bera Kruz ikastolak. Ikasturte honetan martxan jarri dituzten instalazio berriak ere inauguratuko dituzte.
Inguruko nesken hezkuntzaz arduratuta, ikastetxe txiki bat sortzea erabaki zuten 1917ko irailean Mesedetako Monjek. 100 urteko ibilbidean, harriz harri, ikaslez ikasle eta irakaslez irakasle hazten eta hezten joan da Bera Kruz ikastola, eta aurrerabidean jarraitzeko grinez, eraberrituta ospatuko du mendeurrena.Zer ospatu badauka Bera Kruzek. 100 urte ez dira egunero betetzen, eta horren jakitun, jaialdi handi bat egin nahi dute urriaren 28an, 100 urtean Bera Kruz ikastolaren parte izan diren guztiekin batera, familia, ikasle eta irakasle, lehengoak eta oraingoak bilduta.
Mendeurren oso batean ikastolaren partaide izan diren guztientzako ekintzaz betetako egun berezia izatea nahi dute, ikastola zer izan zen oroitu eta gaur egun zer izatera iritsi den ikusteko aproposa. Eta horrelako ospakizun batek merezi duen moduan, ikastolako ikasle ohiak ere protagonista izango dira egun horretako prestatutako ekintzetan.
Ospakizuna
11:00etan, Mertzedeko elizan ospatuko den elizkizunagaz hasiko da urriaren 28rako prestatu duten egitaraua; Xemein Gazte Ahots Abesbatzak girotuko du. Jose Pablo Arriaga herriko artista eta ikasle ohiak ikastolarako egindako obra aurkeztuko dute ondoren, eta, 13:00etan, inaugurazio ekitaldiari hasiera emango diote, zinta mozketagaz eta Zerutxu dantza taldearen aurreskuagaz.
Bazkari herrikoiak, bertso saioak eta txikientzako eskulanen tailerrak girotuko dute arratsaldea, eta jaiari amaiera emateko, kalejira egingo dute ikastolatik alde zaharrera, Jaixkipe txarangak lagunduta.
Ekitaldi nagusia urriaren 28an izango bada ere, urriaren 26an bilera intimoago bat izango dutela ere aitatu dute ikastolako arduradunek. Langile ohi, zuzendari eta irakasle guztiak eta elizbarrutiko ikastetxeetako zuzen- dariak gonbidatu dituzte harrera berezira.
Ibilbide luzea
Hamazazpi neskagaz hasi zuen ibilbidea Mesedetako Monjen ikastetxeak. 1945ean, Berrizko Mertzedariekin batu ziren, eta 1960 urtean, Vera Cruz Ikastetxea izena hartu zuen. Premiak gero eta handiagoak zirela ikusita, ikastetxea handitu zuten solairu gehiago eraikiz eta neskentzako barnetegia zabaltzea erabaki zuten. Aldi berean, aldaketa garrantzitsu bat eman zuten irakaskuntzan: batxilergoa administratiboa eta agrikola jarri zituzten martxan. Hamarkada horretan hasiko zen bai eta ere ikastetxea misto bihurtzen.
Markina eta Xemeingo herritarrez gain, inguruko herrietako, Euskal Herriko bai eta Espainiar estatuko ikasleak ere egon ziren barnetegian; Madril, Zaragotza, Orozko, Berriz, Durango, Bilbo… leku askoko jendea.
1968an, euskarazko eskolak ematen hasi ziren. Kristau baloreak eta euskara eta euskalzaletasuna ardatz izan ditu ikastetxeak, eta, beraz, apurka-apurka D eredua ezartzen joan ziren.
1985ean, Vera Cruz Ikastetxeak eta Zerutxu Ikastolak bat egin ondoren, juridikoki ikastola bihurtu zen, eta Bera Kruz Ikastola izatera iragan zen.
Lanaren eta bizimoduaren arteko oreka lortzeko, haurtzandegi zerbitzua eskaintzen hasi zen lehenengoetariko ikastetxea izan zen inguruotan. Gainera, irakaskuntzaren kalitatearen erakusgarri diren hainbat aitorpen eskuratu ditu, urrezko eta zilarrezko Qak, esate baterako.
Gizartearen aldaketetara moldatzen eta garaian garaiko familien beharretara egokitzen ahalegindu da ikastetxea, eta horretan ibili dira azkenengo urteetan ere. Hala, azken urteetan instalazio eta irakaskuntza metodologian eradaldaketa bat barne hartu dute, eta mendeurrenagaz batera zuzendaritza ere aldatu dute.
Mendeurren berria aldaketekin hasiko du ikastolak, hori ere ospakizunerako.