Heriotz zigorrari ihes egin zion gudaria
Adrian Zubikarai Agirretxea arrantzale ondarrutar bat izan zen, 1905an jaioa. Errepublikarra eta abertzalea zen bera izatez, baina bizitzak Alfontso XIII.aren faluan lan egitetik heriotz zigorrera kondenatua izatera eraman zuen.Guda zibila lehertu zene...
Adrian Zubikarai Agirretxea arrantzale ondarrutar bat izan zen, 1905an jaioa. Errepublikarra eta abertzalea zen bera izatez, baina bizitzak Alfontso XIII.aren faluan lan egitetik heriotz zigorrera kondenatua izatera eraman zuen.
Guda zibila lehertu zenean, 1936an, herria utzi eta eta ez zuen Ondarroako kresalaren usainik berriz hartu 1941era arte.Eskolan ordu gutxi egin zituen Zubikaraik, eta horri gehituta arraunean eta igerian ondo moldatzen zela, aitarekin hasi zen itsasoan lanean. Bere oroitzapen guztiak «Orekan» deitutako koadernoetan utzi zituen idatzita, bere letra handiarekin.
Liburuxka horretan jasotako lehen gertaera 1917ko urriaren 12koa da, I. Mundu Gerra martxan zegoela Ondarroatik Saturraran parean zegoen urpekontzi alemaniar baten argia ikusi zutenekoa. Gogoratzen du nola eskifaiak Espainiako bandera jarri zuen Saturrarango hondartza parean. Egun batzuk beranduago, Mutriku parean arrantza zebiltzala, ekintzaren ondorioak ikusi zituzten, tartean Ondarroan hilobiratu zuten gorpu bat: «oraindik ere gizon horren senideek euren etxeko non dagoen galdetzen jarraituko dute».
Fakuntuzin
1925ean, herriko beste hamaika mutil gazterekin batera zerbitzu militarra egitera joan zen, lehenik Bilbora eta ondoren Ferrolera. Baina soldaduskan zegoen bitartean lehen mailako marinel izatea lortu zuen, eta horrek Alfontso XIII. erregearen Fakuntuzin izeneko faluako marinelei igerian eta arraunean erakusteko atea ireki zion Santanderren. Egunak aurrera egin ahala, erregeak berak Zubikarairen trebetasuna ikusita, bere haurren irakasle izendatu zuen, Madrilera joan bitartean hauekk igerian ikasi zezaten. 1936ra bitartean beste hiruzpalau aldiz jaso zuen erregearen ontzietan lan egiteko deia ondarrutarrak, baina berak eta bere etxekeoek jan egin behar zutela eta arrantzan jarraitzea erabaki zuen. 1936ko abuztuaren 30ean etxeko ontzian itsasora atera ziren bera eta beste bost senide, tartean bere aita.
Hurrengo egunean Santurtziko portura sartu ziren arraina saltzeko asmoz, baina itsasadarrean sartu orduko hiru merkantzia-ontzi ikusi zituzten. Hasiera batean ez zuten jakin zer nolako ontziak ziren, baina gerora jakin zuten Jaime I ontziaren kontrolpean zeuden hiru espetxe-ontzi zirela. Biharamunean, Santurtzitik irtetzen saiatu ziren, baina itsasadarra itxita zegoela jakinarazi zieten, hiru presondegietako gatibuak fusilatu behar baitzituzten. Hau zela eta, agintariek Bilbora bidali zuten ontzia, eta Zubikarai aita-semeak ontzian geratu arren, beste marinelak gerrara abiatu ziren.
Urriaren 1ean jaso zuten Bilbotik ateratzeko baimena, baina Ondarroaranzko bidean kontrako norabidean hainbat ontzi ihesean zetozela konturatu ziren, Elantxobe parean gutxi gorabehera, «reketeak zetozela eta».
Honek, Lekeition porturatu behar izatea eragin zien. Patua balitz bezala, Lekeition porturatu behar izate horrek bere familiarekin batzeko aukera eman zion Zubikarairi, berak jakin ez arren, senideak Lekeitiora joanak ziren eta, bere emazte Maria Larreategi, ‘Lekatxo’ izenaz ezagutzen zenaren jaioterrira.
Gernikako bonbardaketa
Baina Lekeition hiru egun egin ostean, Markinako frentera joan zen, sukaldari lanak egitera: «apirilaren 26an galdu genuen Markinako frontea, eta orduan ni Lekeitiora joan, familia hartu eta Gernikara joan ginen, ihesi», gogoratzen du Zubikaraik. Gernikako bonbardaketak bete-betean harapatu zituela adierazi zuen, eta «mirari bat» izan zela handik bizirik ateratzea. Bi ordu luzez egon ziren lurrean etzanda, euren ondoan bonbak lehertzen ziren bitartean.
Bonbardaketa bukatu zenean, familia Mungiara bidali zuen, eta Zubikarai Gernikan bertan geratu zen behar zuenari laguntzen. Ostean, Bilborantz abiatu zen, Askatasuna bataloira, besteak beste Bizkargi mendia alanbrez betetzen laguntzera. Euskal Herria hartuta zegoela eta, Laredora eta beranduago Solaresera joan behar izan zen, gudarien sukaldari bezala. Urte batzuk lehenago Espainiako erregearen ontzian bere zerbitzura egondako marinela gudariei laguntzen zegoen, denbora gutxiren buruan. Asturiasera ihes egin behar izan zuten gero, eta han beste 52 lagunekin ontzi bat hartu eta gaueko ordu txikietan Baionara, bera patroi zela. Baionatik, berriz ere Bartzelonara jaitsi ziren, baina bertako «ebakuazioa» zela eta berriz ere Frantziarantz abiatu zen, bere familia bertan zegoela eta, Paristik 60 bat kilometrora.
Baina bien bitartean, II. Mundu Gerra lehertu zen, eta fronterantz zihoala atxilotu egin zuten Irunen. Irunetik Miranda de Ebrora eraman zituzten, eta han bi heriotz zigor ezarri zizkioten. Zigorra betetzera Langraitzera bidali zuten Zubikarai; egunez harrobian lan egiten zuen behartuta eta gauean espetxera.
Langraitzen preso egon ondoren, orduan Espainiaren menpekoa zen Saharara eraman zituzten, «txerrienak ziren kamioietan». Geroago, Ceuta, Melilla eta Larachetik ere igaro zen. Azken toki honetako generala zen Ponte jauna, eta Zubikarai bere sukaldari bilakatu zen. General hau, emakume afrikar batekin ezkondu zen, eta Zubikarai euren sukaldaria izanik, emakume honek 1380ko zilarrezko moneta bat opartu zion, bere egoera zelako tamalgarria zen ikusita.
1941ean, Ondarroatik atera, Espainia, Frantzia eta Maroko igaro ostean eta heriotz zigor bi indargabetuta, aske utzi zuten. Olio pote bat, esnegain pote bi eta sei zigarro pakete maletan hartuta Larachetik Ondarroarako bideari ekin zion Zubikaraik. Idatzita utzi zuen «Bilborainoko bidaia oso gogorra» izan zela, jan gabe eta ahituta zegoelako, maletan zeraman janaria bere familiarentzako zela eta.
Madrilen gelditu zenean autobusez aldatzeko, herritarrek ogi puxketak ematen zizkioten, bere egoera oso txarra zelako. Gizon batek bizarra mozteko gailu bat ere utzi zion, denbora luzez baitzuen hazia bizarra.
Bilbora ailegatu zenean Encarnacion plazara joan zen autobusa hartzera, eta bertan herriko lagun bat aurkitu zuen: Mateo de la Osa. Honek, penatuta, bazkaltzera gonbidatu zuen.
Ondarroara iristean, La Esperanza autobusa Guardia Zibilaren koartelaren aurrean matxuratu zen, eta Zubikaraik, preso langileen txapela oraindik soinean zeramala herritarrek eta Guardia Zibilek «modu arraroan» begiratzen ziotela aitortu zuen. Etxeko atarira iritsi zenean, ama hitzik gabe geratu zen, eta bere emaztea zorabiatu egin zen, hunkiturik.
«1936an atera nintzen Ondarroatik, eta ez nintzen itzuli 1945eraino. Azken gudaria izan nintzen etxeratzen. Eta pozik!»