Bariku eta zapaturako egitarau osotu bezain beldurgarria antolatu du Mutrikuko Udalak. Aurten gainera iaz jende gutxi batu zelako egin ez zituzten
Axuri Beltza kalejira eta Talaixako mamuaren erreketa berreskuratuko dituzte. Iaz, parte hartzea areagotzea ezinbestekotzat jo zuten udal ordezkariek, eta aurten berriz ere ohitura berreskuratzera animatu dira.
Egitarauari Txantxangorri aisialdi taldeak emango dio hasiera, eta dantzekin batera eurena izango da barikuko protagonismoa. Ekintza beldurgarriak antolatu dituzte
1. eta 2. mailakoentzat 17:00etan Zabiel plazan eta Talaixako mamuaren erreketaren ondoren
3, 4, 5 eta 6. mailetako ikasleentzat Goiko Plazan.
Iazko Mutrikuko Gaba Beltza.
Zapatu arratsaldean jarraituko du egitarauak. 16:30ean Zabiel plazan
itxuraldaketa tailerra egongo da, eta honen atzetik kultur etxe barruan
ipuin kontalaria. 19:30ean
kalejira beldurgarria egingo dute kalez kale Nieves Gonzalezen taldearen eskutik. Benja Perez, Yoli Padilla eta Ana Pagoaga arituko dira bere laguntzaile.
Musika. Iluntzea eta gaua musikarentzako izango dira Mutrikun. Udalak zehaztu duenez gustu guztietarako musika egongo da Mutrikuko txoko desberdinetan. 20:15ean hasita
disko festa egongo da Beheko Plazan ordu eta laurdenez, eta horren atzetik
Eraso! taldearen kontzertua hasiko da. 23:00etan berriz,
Gatz talde ondarrutarra eta
Dj Judas arituko dira urteko gaurik beldurgarrienari musika jartzen Gaztetxean.