Iñigo Urkullu lehendakariak ertzain etxea bisitatu du
Iñigo Urkullu lehendakaria Ondarroako ertzain etxean egon zen atzo, hobekuntza lanak amaitu ondoren.Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Herminio Peña Ondarroako ertzain etxeko nagusiak egin zioten harrera lehendakariari atzo goizea...
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Herminio Peña Ondarroako ertzain etxeko nagusiak egin zioten harrera lehendakariari atzo goizean. Lehendakariak komisaldegia bisitatu du, eta egindako berrikuntzen berri ere jaso du.
2008an ertzain etxearen aurka egindako atentatua jasan zuten ertzainei eta egun haietan euren ordez lanean aritu zirenekin ere egon dira agintari politikoak. Komisaldegiko nagusiak «inoiz gertatu behar ez zen atentatua» izan zela nabarmendu zuen, baina orain agertoki berri baten aurrean dagoela euskal gizartea.
Lanek, irisgarritasuna, herritarrenganako arreta hobetzea eta ertzaintza herritarrengana hurbiltzea zuten helburu, eta horretarako harrera gunea eraberritu eta inguruko horma eraitsi dute. Komisaldegiaren aurrealdean eta bi alboetan zegoen horma kendu eta hesi bat jarri dute, eta atzeko aldean zegoena berriz mantendu, «ibilgailuen zaratetatik aldentzeko». Hobekuntza lanek 300.000 euroko kostua eduki dute eta ertzain etxeen eta herritarrentzako arreta bulegoen sarea arauzko eskakizun eta premia berrietara egokitzea izan da helburua. Bost hilabete iraun dituzte lanek.
Eskualdeko zenbait alkate eta zinegotzi ere bertaratu ziren, baina Lea-Artibaiko EH Bilduko hautetsiek gonbidapena bertan behera lagatzea erabaki zuten, «iragana bere osotasunean» landu behar dela iritzita. Uste izan zuten ekitaldi honek ez zuela bermatzen iraganean gertatutakoak osotasunean eta iritzi guztiak kontuan hartuta gauzatzea eta azaltzea.