Zubi Zahar herri ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizunetako egitarauaren barruko ekintza izango da.
Azaroaren 18an egingo da lasterketa Ondarroan.
Jose Mari Naberan Herri Krosak hiru ibilbide edukiko ditu: txikia, ertaina eta handia.
Txikiak 380 metro edukiko ditu eta 16:00etan hasiko da.
Ertainak kilometro bat eta 340 metro edukiko ditu eta 16:30ean hasiko da eta
handia berriz 6 kilometro eta 800 metroko ibilbideduna izango da eta 17:00etan hasiko da. Hiru lasterketak
herrigunean egingo dira. Txikiak eta ertainak Itsasaurren edukiko dute bai hasiera eta baita amaiera ere, baina herri kros handia ikastolan hasi eta Itsasaurren amaituko da.
Kros txikian
Lehen Hezkuntzako 2.mailara arteko ikasleek parte hartu ahal izango dute. Ertainean, berez,
16 urtetik beherako korrikalariek parte hartu behar dute baina antolatzaileek aurkezpenean zehaztu zutenez “handia egiteko gai ez direla ikusten dutenek edo handia egin nahi ez duten
nagusiek ere parte hartu dezakete kros ertainean“. Txikian eta ertainean egunean bertan eman beharko da izena Itsasaurren, 15:15etatik aurrera bi euroren truke, eta kros handiko izen ematea berriz zabalik dago dagoeneko
www.herrikrosa.eus webgunean; 10 euro ordaindu behar dira eta bakarrik
16 urte beteta dauzkatenek eman ahal dute izena.
50. urteurreneko lan taldeko kideak, Karenkako ordezkaria, Naberanen alaba eta ikastolako ikasleak domekako aurkezpenean. domekako aurkezpenean.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez Jose Mari Naberan Herri Krosak
kutsu solidarioa edukiko du eta batzen den dirua Ondarroako
Karenka elkarteari bideratuko zaio, urtean zehar egiten dituen ekintzak eta bere asmoak gauzatu ahal izateko. Bestalde, azpimarratu dute
kros txikia “inklusiboa” izango dela. Horrela,
aniztasun funtzionala daukaten neska-mutilei ere lasterketan arte hartzeko aukera eman nahi izan diete. Hortik abiatuta,
Gorabide elkartearekin ere elkarlanean ari dira bertako kideek ere lasterketan parte hartzeko.
Karenka elkartea pozik agertu zen ikastolaren 50. urteurreneko lantaldeak luzatutako proposamenagaz. Karenka elkarteak Ondarroako
umeen aukera eta eskubideen berdintasuna jorratzen du, eta inklusibotasunaren alde lan egiten du. Antolakuntzako ordezkariek azaldu zutenez, batutako dirua Karenkari bideratzea erabaki dute uste dutelako Karenka dela gaur egun Ondarroan dagoen elkarte anitzena.
Ikastolaren 50. urteurreneko lantaldeak Naberanen izena jarri dio herri krosari hark herrian eta bereziki ikastolan egindako lana berezia eta handia izan delako
Bestalde, antolakuntzak gaineratu du hiru lasterketetan parte hartzaileek
errepidea ahalik eta gutxien zapalduko dutela, eta nahitaez errepidera atera behar diren zatietan
segurtasuna bermatuta egongo dela, lasterketa igarotzeko momentuan zirkulazioa eten egingo dutelako eta antolakuntzako kideak egongo direlako lekua zaintzen.
Sariei dagokienez, nabarmendu nahi izan dute nagusien mailako lehen hiru neskei eta lehen hiru mutilei emango dizkietela sariak.
Atletismoaren aitzindari. Jose Mari Naberan Ondarroako atletismo taldearen oinarrietako bat izan zen. Berak bultzatu zuen urte luzez herrian atletismorako zaletasuna eta berak sortu zuen
taldea ere. Zubi Zahar herri ikastolaren 50. urteurreneko lantaldeak bere izena jarri nahi izan dio herri krosari berezia eta handia izan delako urteetan Jose Mari Naberanek bai herrian eta bereziki
ikastolan kirolaren eta atletismoaren alde egindako lana.
Naberan gazteekin entrenatzen, 1979ko maiatzaren 6an, Berriatuan. Argazkia: Naberanen familia
HONEKIN LOTUTA: