Abian da Euskerean Eupadea! Lea-Artibaiko lehiaketa
Azarotik abenduaren 2ra arte jokatuko da euskara ardatz izango duen ikuskizun itxurako norgehiagoka. 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dagoEuskaraz eta euskaragaz gozatzeko taldekako lehiaketa bat jokatuko da Lea-Artibai eskualdean azarotik ...
Azarotik abenduaren 2ra arte jokatuko da euskara ardatz izango duen ikuskizun itxurako norgehiagoka. 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago
Euskaraz eta euskaragaz gozatzeko taldekako lehiaketa bat jokatuko da Lea-Artibai eskualdean azarotik abenduaren 2a bitartean. 8tik 16 urtera bitarteko gaztetxoek parte hartu dezakete Euskerean Eupadea! ekimen berrian.Euskara sustatzea da ekimenaren helburu nagusia. Lea-Artibai eskualde euskalduna bada ere, eta egunerokotasunean gehien erabiltzen den hizkuntza euskara bada ere, inguruko gaztetxoen artean badago erdaraz egiteko joera. Hori dela eta, euskara hauspotzen jarraitu beharra ikusten dute ekimenaren sortzaileek, Herribixi kooperatibako kideek. Eurek izango dira lehiaketaren antolatzaile eta koordinatzaileak, eta Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoaren eta Lea-Artibai Amankomunazgoaren laguntza izango dute. Herriz herri, gainera, informazioa zabaltzen ari dira udal zein ikastetxeetan.
Euskerean Eupadea! ikuskizun itxurako lehiaketa izango da, eta sorkuntzari garrantzia berezia emango diote. Esketxak, karaokea, bertsoak, antzezpenak, dena nahastuko dute. «Sormen munduagaz lotutako probak izango dira, gaztetxoak, beraz, ikusle soil izan beharrean, parte hartzaile eta protagonista izango dira oraingoan», aurreratu du Nerea Gartzia Herribixi kooperatibako kideak.
Horrela, kanporaketaz kanporaketa sormenari lotutako probak gainditzen joan beharko dira parte hartzaileak. «Lea-Artibairi buruzko galdera erantzunen atal bat egongo da esate baterako, kultura, geografia edo euskalkiei lotutako galderekin». Hala ere, galderak errazak izango direla azaldu du. «Ez goaz jendearen jakintasuna neurtzera, ondo pasatzea dugu helburu, eta herrietako ezagutzak ere bultzatu nahi ditugu». Besteak beste, herrietako pertsonaiez, jaietako protagonistez, herri batetik bestera dauden kilometroez, eskualdeko idazle edo antzezleez galdetu dezaketela aitatu du Herribixiko kideak.
Adin tarte bitan banatuta egongo da lehiaketa 8-11 urte eta 12-16, eta lau, bost edo sei laguneko taldeak osatu behar dira. «Tarte horien barruan nahi bezalako taldeak osatu daitezke; hau da, adin zein herri desberdinetako partaideek osatu dezakete taldea». Taldeak osatuta, Herribixiren webgunean (www.herribixi.eus/euskereaneupadea) eman behar da izena.
Sariak
Lehiaketaren finala, abenduaren 2an, Euskararen Egunean, izango da Markina-Xemeingo frontoian, baina aurretik kanporaketa batzuk egongo dira. Asteburu bitan, zapatu eta domeka, egingo dituzte kanporaketak; parte hartzaile kopurua zehaztu ondoren hasiko dira antolatzen.
Kanporaketa bakoitzaren amaieran emango dute ebazpena, horretarako eskualdeko kulturgintzako kideez osatutako epaimahai bat egongo da eta bertan momentuan erabakiko dute nortzuk egiten duten aurrera.
Finalera sailkatzen diren lau taldeek izango dute saria: lehenengo gelditzen den taldeak Lea-Artibaiko produktuekin betetako otzara bat, multiabenturako saio bat eta afari bat Antsotegin irabaziko ditu; bigarrenek multiabentura saio bat Antsotegin eta Lea-Artibaiko produktuekin betetako otzara irabaziko dute, eta hirugarren eta laugarren taldeetakoek otzarak jasoko dituzte. Horrez gain, parte hartzaile guztiek izango dute opariren bat. Saio bakoitzaren amaieran, gainera, publikoari ere zumoa banatuko diote jaia girotzeko.