Asteburu beldurgarria ekarriko du Mutrikuko Gaba Beltzak
Egitarau beldurgarriarekin dator bariku eta zapatuan Mutrikuko Gaba Beltza.Astebururako egitarau osotu bezain beldurgarria antolatu du Mutrikuko Udalak. Aurten gainera iaz jende gutxi batu zelako egin ez zituzten Axuri Beltza kalejira eta Talaixako mam...
Astebururako egitarau osotu bezain beldurgarria antolatu du Mutrikuko Udalak. Aurten gainera iaz jende gutxi batu zelako egin ez zituzten Axuri Beltza kalejira eta Talaixako mamuaren erreketa berreskuratuko dituzte. Iaz, parte hartzea areagotzea ezinbestekotzat jo zuten udal ordezkariek, eta aurten berriz ere ohitura berreskuratzera animatu dira.
Egitarauari Txantxangorri aisialdi taldeak emango dio hasiera, eta dantzekin batera eurena izango da barikuko protagonismoa. Ekintza beldurgarriak antolatu dituzte 1. eta 2. mailakoentzat 17:00etan Zabiel plazan eta Talaixako mamuaren erreketaren ondoren 3, 4, 5 eta 6. mailetako ikasleentzat Goiko Plazan.
Zapatu arratsaldean jarraituko du egitarauak. 16:30ean Zabiel plazan itxuraldaketa tailerra egongo da, eta honen atzetik Zabiel kultur etxe barruan ipuin kontalariaren emanaldia egongo da. 19:30ean kalejira beldurgarria egingo dute kalez kale Nieves Gonzalezen taldearen eskutik. Benja Perez, Yoli Padilla eta Ana Pagoaga arituko dira bere laguntzaile.
Musika
Iluntzea eta gaua musikarentzako izango dira Mutrikun. Udalak zehaztu duenez gustu guztietarako musika egongo da Mutrikuko txoko desberdinetan. 20:15ean hasita disko festa egongo da Beheko Plazan ordu eta laurdenez, eta horren atzetik Eraso! taldearen kontzertua hasiko da. 23:00etan berriz, Gatz talde ondarrutarra eta Dj Judas arituko dira urteko gaurik beldurgarrienari musika jartzen Gaztetxean.