Jose Mari Naberan Herri Krosa egingo dute Ondarroan
Hiru luzera desberdinetako lasterketak egongo dira. Lasterketa txikiak izaera inklusiboa edukiko du, eta lasterketak berriz kutsu solidarioa Karenka elkartearen aldeZubi Zahar herri ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizunen barruan, Jose Mari Naberan H...
Hiru luzera desberdinetako lasterketak egongo dira. Lasterketa txikiak izaera inklusiboa edukiko du, eta lasterketak berriz kutsu solidarioa Karenka elkartearen alde
Zubi Zahar herri ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizunen barruan, Jose Mari Naberan Herri Krosa egingo dute azaroaren 18an.Herri Krosak hiru ibilbide edukiko ditu: txikia, ertaina eta handia. Txikiak 380 metro edukiko ditu eta 16:00etan hasiko da. Ertainak kilometro bat eta 340 metro edukiko ditu eta 16:30ean hasiko da eta handia berriz 6 kilometro eta 800 metroko ibilbideduna izango da eta 17:00etan hasiko da. Hiru lasterketak herrigunean egingo dira. Txikiak eta ertainak Itsasaurren edukiko dute bai hasiera eta baita amaiera ere, baina herri kros handia ikastolan hasi eta Itsasaurren amaituko da.
Kros txikian Lehen Hezkuntzako 2.mailara arteko ikasleek parte hartu ahal izango dute. Ertainean, berez, 16 urtetik beherako korrikalariek parte hartu behar dute baina antolatzaileek aurkezpenean zehaztu zutenez «handia egiteko gai ez direla ikusten dutenek edo handia egin nahi ez duten nagusiek ere parte hartu dezakete kros ertainean». Txikian eta ertainean egunean bertan eman beharko da izena Itsasaurren, 15:15etatik aurrera bi euroren truke, eta kros handiko izen ematea berriz zabalik dago dagoeneko www.herrikrosa.eus webgunean; 10 euro ordaindu behar dira eta bakarrik 16 urte beteta dauzkatenek eman ahal dute izena.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez Jose Mari Naberan Herri Krosak kutsu solidarioa edukiko du eta batzen den dirua Ondarroako Karenka elkarteari bideratuko zaio, urtean zehar egiten dituen ekintzak eta bere asmoak gauzatu ahal izateko. Bestalde, azpimarratu dute kros txikia «inklusiboa» izango dela.
Horrela, aniztasun funtzionala daukaten neska-mutilei ere lasterketan arte hartzeko aukera eman nahi izan diete. Hortik abiatuta, Gorabide elkartearekin ere elkarlanean ari dira bertako kideek ere lasterketan parte hartzeko. Karenka elkartea pozik agertu zen ikastolaren 50. urteurreneko lantaldeak luzatutako proposamenagaz.
Karenka elkarteak Ondarroako umeen aukera eta eskubideen berdintasuna jorratzen du, eta inklusibotasunaren alde lan egiten du. Antolakuntzako ordezkariek azaldu zutenez, batutako dirua Karenkari bideratzea erabaki dute uste dutelako Karenka dela gaur egun Ondarroan dagoen elkarte anitzena.
Bestalde, antolakuntzak gaineratu du hiru lasterketetan parte hartzaileek errepidea ahalik eta gutxien zapalduko dutela, eta nahitaez errepidera atera behar diren zatietan segurtasuna bermatuta egongo dela, lasterketa igarotzeko momentuan zirkulazioa eten egingo dutelako eta antolakuntzako kideak egongo direlako lekua zaintzen.
Sariei dagokienez, nabarmendu nahi izan dute nagusien mailako lehen hiru neskei eta lehen hiru mutilei emango dizkietela sariak.
Atletismoaren aitzindari
Jose Mari Naberan Ondarroako atletismo taldearen oinarrietako bat izan zen. Berak bultzatu zuen urte luzez herrian atletismorako zaletasuna eta berak sortu zuen taldea ere. Zubi Zahar herri ikastolaren 50. urteurreneko lantaldeak bere izena jarri nahi izan dio herri krosari berezia eta handia izan delako urteetan Jose Mari Naberanek bai herrian eta bereziki ikastolan kirolaren eta atletismoaren alde egindako lana. Omenaldi gisa jarri dio bere izena 50. urteurreneko lantaldeak.