Euskal literaturako erreferente asko batuko dira Literatur Amuetan
Ondarroako zein inguruko sortzaileek ere edukiko dute lekua jaialdian. Ekitaldi guztiak Kofradia Zaharrean eta dohainik izango dira. Zapatuan hasiko dira Liburuen AmuakOndarroako zein Euskal Herriko literaturan erreferenteak diren artistak eta ikuskizu...
Ondarroako zein inguruko sortzaileek ere edukiko dute lekua jaialdian. Ekitaldi guztiak Kofradia Zaharrean eta dohainik izango dira. Zapatuan hasiko dira Liburuen Amuak
Ondarroako zein Euskal Herriko literaturan erreferenteak diren artistak eta ikuskizunak bilduko ditu azaroaren 1etik 5era egingo den jaialdiak. Literatura izango da oinarri nagusia, eta horren inguruan adin guztietako pertsonentzako eskaintza egongo da. Horrez gain, herritarrek sormena garatzeko lekua ere edukiko du Literatur Amuak jaialdiak.Ohikoa den modura, ikasleek egiten dute ipuin rallyak, Zubikarai Nobela Sariak eta Nanoipuin Lehiaketako sari banaketak emango diote hasiera jaialdiari.
Nobela sariaren irabazlea nor izango den azaroaren 1ean emango du jakitera Ondarroako Udalak. Leire Bilbaok, Ana Urkizak eta Xabier Mendigurenek osatuko dute epaimahaia. Leire Beitia euskara zinegotziaren esanetan, «plazerra» da halako epaimahai bat edukitzea. Gainera, Leire Bilbaok Maite Mutuberriagaz batera egindako Xomorropoemak eta Piztipoemak lanetan oinarrituta txikienei lite- raturarako zaletasuna sortzeko eta sormena lantzeko tailerra eskainiko dute. Bestalde, iazko garailea izan zen Katixa Agirrek idatzitako Amek ez dute idazten ere aurkeztuko dute. Liburu horrek amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz gogoeta egiten du.
Nanoipuin lehiaketari dagokionez, aurtengo sariketara 57 lan aurkeztu dituzte. Azaroaren 1ean banatuko dituzte sariak, eta irabazleek euren 140 karaktereko ipunak irakurriko dituzte.
Herritarrek eta eskualdeko artistek ere edukiko dute tartea Literatur Amuak jaialdian. Esaterako, Keu Agirretxea ondarrutarra Jon Gurrutxagagaz batera ariko da zapatuan. Eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra kide den Txakur Gorria kolektiboak «burutik jota» zegoela esaten zioten emakume baten histeria errezitaldia aurkeztuko du.
Baina aurkezpen ekitaldian Txomin L. Aramaiok azpimarratu duenez, «Literatur Amuak Euskal Herri osoko artistengan ari da ezaguna bihurtzen». Horren harira, geroz eta aurpegi ezagunagoak etortzen dira Ondarroara, eta aurtengo jaialdian Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi idazleak, Gorka Urbizu musikari eta Berri Txarrak taldeko kidea eta Gotzon Barandiaran eta Pello Añorga idazle eta irakaslea egongo dira, besteak beste. Azken horrek azaroaren 4an egingo duen 8 urte arteko haurren gurasoei eta hezitzaileei zuzendutako tailerrean parte hartzeko izena eman behar da, 94-683 36 68 telefonoan edo mrey@ondarroa.eus helbidean.
Ekitaldi guztiak Kofradia Zaharrean egingo dira, bai lehen pisuan eta baita bigarrenean ere. Nabarmendu nahi izan dute ikuskizun guztiak doakoak izango direla.
Anjel Lertxundiren Zu
Irakurle taldeak hitzordua dauka zapatuan, Txomin Agirre udal liburutegian, 10:00etatik 12:00etara. Oraingoan, Anjel Lertxundiren Zu liburuaz hitz egingo dute Joxe Mari Urteagagaz batera. Parte hartzeko, udal euskara zerbitzuko 94-683 36 68 telefonoan edo liburutegiko 94-683 33 43 telefonoan edota mrey@ondarroa.eus edota liburutegia@ondarroa.eus helbideetan eman daiteke izena.