Markina-Xemein mendi giroz beteko da asteburuan
Mendi Asteburua ospatuko da lehen aldiz. Gaur hasi eta domekara arte egongo dira ekimenak. Bilbao Mendi Film festibaleko filmen proiekzioa egongo da biharGazte eta gaztetxoen artean mendizaletasuna bultzatzeko asmoz, Mendi Asteburua antolatu dute, estr...
Mendi Asteburua ospatuko da lehen aldiz. Gaur hasi eta domekara arte egongo dira ekimenak. Bilbao Mendi Film festibaleko filmen proiekzioa egongo da bihar
Gazte eta gaztetxoen artean mendizaletasuna bultzatzeko asmoz, Mendi Asteburua antolatu dute, estreinako, Markina-Xemeinen. Juanjo San Sebastian mendigoizale ezagunaren hitzaldiagaz hasiko dira gaur ekimenak, eta Orientazio Ibilaldiagaz amaituko dira domekan .Markina-Xemein oso mendizalea izan dela beti nabarmendu dute antolatzaileek, baina zaletasun hori gazte eta gaztetxoen artean galtzen ari dela ikusi dute. Hori dela eta, izaera mendizale horri bultzada berria emateko, lau eguneko ekimen berezia prestatu dute urteroko ekimenei formatu berriak gehituta. «Abenturagaz lotura duten ekimenak gehitu ditugu gazteak erakartzeko», azaldu dute.
Ekimen berri horien artean, besteak beste, Mendi Tour Bilbao Mendi Film Festibaleko pelikula aipagarrienen proiekzioa nabarmendu daiteke. Bizkaiko hiriburuak hartzen duen azken jaialdira aurkeztu diren mendia, abentura eta natura gaien inguruko bost film arrakastatsu ikusi ahalko dira bihar, 19:00etan, Esperantza eraikineko aretoan.
Herriko ikastetxe bietako DBH4 mailako ikasleei emanaldi berezia eskainiko diete goizean, eta mendiari lotutako mundu mailako film onenetako batzuekin gozatzeko aukera izango dute, nahi duten guztiek, arratsaldean. Sarrerak 5 euro balioko ditu.
Urregaraiko eskalada gunera ere irteera bat egongo da Mendi Astearen baitan. Azaldu dutenez, orain dela 20 urte inguru eskaladako gune bat egokitu zuen herriko mendigoizale taldeak Urregarai mendian. Zaharkituta gelditu zela eta, orain dela bost urte berreskuratu eta berriz erabilgarri jarri zuten gunea, herriko eskalatzaileen laguntzagaz. Eskalada gune hori ezagutzeko eta probatzeko aukera egongo da etzi, Sustraiak Natura turismo aktiboko eta abentura kiroletako enpresak lagunduta.
15:00etan jarri dute batzeko ordua Urregaraiko landan. «Eskaladan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena Markina-Xemeingo udaletxean; izen ematea 3 euro ordaindu beharko da», zehaztu dute. Bihar da izena emateko azken eguna.
Etxebarriko Antsotegi hoteleko familiak lotura estua izan du beti mendiagaz. Hori dela eta, Mendi Astea bertan egingo den hitzaldiagaz hasiko da. Juanjo San Sebastian euskal alpinistak bere esperientziak eta ibilbidea azalduko dituela aurreratu du Gontzal Hernando Antsotegiko arduradunak.
Mendizale bilbotarrak 1979an egin zituen lehen igoerak Alpeetan eta Andeetan; bi urte geroago, lehenengo aldiz, Himalaiara joan zen Asia aldera, eta ordutik, zortzimilako batzuetara igotzea lortu du. Hitzaldia 19:00etan hasiko da.
Orientazio ibilaldia
Adin guztietako mendigoizaleek parte hartzeko moduko ekimenagaz amaituko da domekan Mendi Astea. Herriko Artibai Mendigoizale Taldeak urtero antolatzen duen orientazio proba egingo da Markina-Xemein inguruetan. 10:00etan izango da irteera Arkupetik, eta 13:00etan amaituko da luntxagaz.
Jabier Arrate Artibai Mendigoizale Taldeko kideak azaldu duenez, ibilbidea osatu ahal izateko argibide guztiak eta ibilbidea egiteko mapa Arkupean egongo den irteerako mahaian emango dituzte. Ibilbide luzea eta laburra egongo dira, hamabina kontrolegaz. Bakoitzak arkatza edo boligrafoa eramatea eskatu dute, kontroletan aurkituko dituzten argibideak irteeran emango duten orrian zehazteko. «Kontrol bakoitzak zenbaki bat edukiko du, eta zenbaki hori eta esaten duena lotu beharko dira orrian».
Astiro joanda ere pare bat ordutan egiteko moduko ibilbidea izango dela azaldu du Arratek. Aurten, gainera, Izarbidean elkartekoekin batera antolatu dute ekimena, eta gurpildun aulkietan doazenak ere egin ahal izateko moduko bidea izango dela azpimarratu du mendigoizale taldeko kideak, «dena asfaltotik».
Irteeran aukeratu ahalko dute parte hartzaileek zein bide osatu nahi duten. «Bata luzetxoagoa da beste baino, baina biak errazak dira, edozeinek egiteko modukoak». Zalantza sortu dezaketen tarteetan, gainera, marka gorri-horiak jarriko dituzte, bidea ondo jarraitu ahal izateko.