Sei lasterketa hartuko ditu Ziklokros Egunak
Bermeo Txirrindulari Taldeak eta Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak antolatuta, domekan izango da VII. Ziklokros Eguna. Ohi legez, umeen eta nagusien parte hartzea espero dute, eta horregatik, sei lasterketa egingo dituzte.Hala, domekan, 11:00etatik a...
Hala, domekan, 11:00etatik aurrera batuko dira txirrindulariak Burujabetasun zelaian (kanposantu ondoan). Irteera ordu ezberdinak edukiko dituzte, adinaren arabera: LH 5-6 (11:00), LH 3-4 (11:30), LH 2 (11:50), LH 1 (12:05), eta DBH 1, 2, 3 eta 4 eta nagusiak (12:15).
Domekako Ziklokros Egunean parte hartu gura duten ikasleek ikastetxeetan eman beharko dute izena. Nagusiek, berriz, Araneko kiroldegian egin beharko dute. Izena ematerako orduan parte hartzaile bakoitzak eskumuturreko bat hartuko du, lasterketa egunean bertan eroan beharrekoa. Nagusiek kiroldegian bertan hartuko dute; ikasleek, berriz, ikastetxeetan.
Urtero legez, parte hartzaile bakoitzak bere kaskoa eroan beharko du, eta horren erabilera derrigorrezkoa dela aipatu dute antolatzaileek. Lasterketa amaitzean, parte hartzaileek Araneko kiroldegian dutxatzeko aukera edukiko dute.
Irune Ormaetxea kirol zinegotziak adierazitakoaren arabera, «ziklokros egunagaz herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea da asmoa, bai eta osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea ere».
Ekintza herrikoiak bultzatu gura dituztela dio Ormaetxeak, «Bermeoko kaleetan kirola ikusteko, eta kirol ezberdinak herritarrei hurbiltzeko». Horregatik, adin guztietarako ekintzak proposatzen saiatzen direla esan du, kirol hezitzailea bultzatuta.
Iaz, 133 txirrindularik parte hartu zuten Ziklokros Egunean, eta aurten ere antzeko parte hartzea espero dutela esan du Ormaetxeak. Hala, ume, gazte eta nagusiak animatu ditu parte hartzera.