XV. Herri Krosa antolatu du Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubak
Zapatu arratsaldean egingo da aurtengo froga. Aurreko urteetan ere jende asko animatu da, eta aurten ere beste hainbeste espero dute antolatzaileek.
Irteera hartzen lehenak Lehen Hezkuntzako ikasleak izango dira, 16:00etan. Hauentzat bi froga desberdin prestatu dituzte antolatzaileek. Lehenengoa 600 metrokoa izango da, 3. eta 4. mailetako ikasleentzat, eta bigarrena berriz 1.200 metrokoa, 5. eta 6. mailetako ikasleentzat. Hauen parte hartzea doakoa izango da, Eskola Kirola proiektuak lagundutakoa baita.
Ordu bete beranduago hasiko da nagusien proba, 10 kilometrokoa. Mutrikutik hasi, Debaraino joan eta Mutrikura itzuli beharko dira korrikalariak. Herri lasterketa Goiko Plazan hasiko da eta Debarainoko joan-etorria kostaldeko errepidetik zehar egingo dute. 10 kilometroko lasterketa egiteko 10 euro ordaindu beharko dira.
Izen emate guztiak egunean bertan egin beharko dira, eta horregatik lasterketa bakoitza hasi baino ordu erdi bat lehenago izena ematera hurbiltzea eskatu dute antolatzaileek.