Bi dokumentalekin ospatuko dute Zine Klubaren 35. urteurrena
Gernika-Lumoko Zine Klubak 35 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko, dokumental bi prestatu dituzte. Gaur eta bihar proiektatuko dituzte, 20:30ean hasita. Horren aurretik, baina, aurkezpen txiki bat egingo dute, eta Elai Alai dantza taldearen saioa...
Batetik, Argi eta Itzalen pantaila dokumentala estreinatuko du Zine Klubak Lizeo Antzokian. Horren bitartez, Gernika-Lumon egon diren zinemetatik «ibilbide sentimental bat» egingo du, «hasieratik gaur egunera arte». Pedro Durana Zine Klubeko kideak azaldu duenez, film horrek «Gernikako zinemen historia kontatzen du, eta, era berean, zinemari orokorrean omenaldia ere egiten dio». Izan ere, Duranak dioenez, zinemak herritarren bizitzetan eragina izan du, emozioa eman die: «Negar egin dugu, barre egin dugu, era guztietako emozioak bizi izan ditugu zinemagaz».
Gernika Garretan
Bestetik, Gernika Garretan kolektiboaren elkarlaguntzagaz sortutako Gernika Garretan dokumentala aurkeztuko dute gaur eta bihar. «Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira egin zuten antzezpena grabatzeko prest geunden galde egin ziguten, eta hala egin genuen. Gainera, Deustuko 6 Pabiloian egin zuten antzezpena ere grabatu genuen». Hala, bi horiekin egindako «muntaia pertsonala» da egunotan Lizeon ikusi ahalko dena. «Ikusi duen jendeak gustukoa izan du, eta publikoak ere hala izatea espero dugu».