Iruzubietan erabakiko da EHko 28. Hiru Txirlo Bola Txapelketa
Euskal Herriko 28. Hiru Txirlo Bola Txapelketa amaitzear dago. Bihar jokatuko da Iruzubietako bolatokian azken saioa. Azkoitiako Floreagan, Barinagan eta Eibarko Asola Berrin jokatu ondoren, Iruzubietako tiraldiak erabakiko du aurtengo garailea. Aurrek...
Ohi den bezala, nahi duen guztiak parte hartu dezake, eta hiru tiraldi egiteko aukera egongo da. Izena, beti bezala, saioaren egunean bertan eman behar da, azken tiralariak tiraldi guztiak bota orduko.
Asteburu guztietan legez, oraingoan ere sariak egongo dira: lehen gelditzen denak 65 euroko saria jasoko du, bigarrenak 50 eurokoa, hirugarren sailkatuak 35 eurokoa, laugarrenak 20 eurokoa, bosgarrenak 10 euro jasoko ditu, eta seigarren sailkatuak oparia.
Astigarraga buruan
Bihar jakingo da, beraz, nor den aurtengo txapelduna. Asola Berri elkartekoek emaitza onak lortu dituzte saiorik saio, eta elkarteko Bittor Astigarragak jarraitzen du sailkapenaren buruan.
Azkoitiako saioa Asola Berri elkarteko Josean Blancok irabazi zuen 6 txirlo botata, elkarte bereko tiralari Bittor Astigarraga izan zen Barinagako saioko irabazlea 7 txirlogaz, eta txapelketaren buruan jarri zen Elgetako Sebastian Aranzabalegaz 12 txirlotara berdinduta. Joan den asteburuan Eibarko Asola Berrin jokatutako saioan, Asola Berriko Jagoba Gonzalo izan zen 53 tiralarien artean trebeena; 5 txirlo botata nagusitu zen Gonzalo.