Sare sozialen erabilerak landuko dituzte ikasleekin
Sare sozialen erabilera egokiari buruzko tailerrak eskainiko ditu Bermeoko Udalak, aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuaren baitan. Hain zuzen ere, Ignacio Arozena institutuko DBH 1eko ikasleei zuzendutako tailerrak dira; 70 ikasle inguruk parte h...
Azaldu dutenez, «gaur egungo gizartean, eta, bereziki, nerabezaroan, informazio eta komunikazio teknologiek garrantzia handia hartu dute formazioan eta hezkuntzan, bai eta harremanak izaterako orduan ere». Horregatik, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) landuko dituzte ikasleekin, eta, batez ere, sare sozialak modu egokian erabiltzen ikasteko tailerrak izango direla jakinarazi dute.
Baliabideak eskaini
Lehenengo tailerra edo berbaldia asteon eman dute, martitzenean, hain zuzen ere. Hurrengoa urriaren 31n izango da, eta hirugarrena eta azkena, berriz, azaroaren 7an. Bi orduko tailerrak dira, eta Jon Gomez Garaik eskainiko ditu.
Tailer horien helburuak honakoak dira: sare sozial eta horien ezaugarri eta ondorioei (positibo zein negatibo) buruzko hausnarketa egiteko eremua ezartzea eta sare sozialen erabilera egokirako baliabidez hornitzea.
Tailerrak DBH 1eko ikasleei bideratzea pentsatu dutela diote, «adin horretako gazteen gehiengoak Whatsapp, Instagram, Facebook, Twitter eta bestelako sare sozialetarako sarbidea daukalako, eta askotan ezjakintasunez eta era guztietako arriskuak bere gain hartuz erabiltzen dituelako».