180 parte hartzaile elkartu dira Bermeoko VII. Ziklokros Egunean
Bermeo Txirrindulari Taldeak eta Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak antolatutako Bermeoko VII. Ziklokros Egunean 180 txirrindularik parte hartu zuten domekan. Adinaren arabera sailkatuta, sei lasterketa egin zituzten Burujabetasun zelaian eduki zuten ...
Aurten iaz baino txirrindulari gehiagok parte hartu izana poztekoa dela zehaztu, eta oraingo honetan nagusi nahikoa animatu direla nabarmendu dute antolatzaileek. Esan dutenez, sare sozialetan egindako zabalkundearen ondorioz, bermeotarrak ez ezik kanpotik etorritako parte hartzaileak ere izan dituzte. «Adibidez, ziklokrosean dabilen larrabetzuar bat etorri zen bere familiagaz eta kuadrilla osoagaz. Zirkuitua asko gustatu zitzaien, eta egindako lanagatik zoriondu gintuzten», adierazi du Pedro Bilbao Larrauri Bermeoko Txirrindulari Elkarteko kideak.
Ziklokros eguna prestatzeak aurretik zein egunean bertan behar handia eskatzen du, eta batik bat antolakuntzako kide izan ez arren, urtero egunean bertan laguntzen aritzen direnen lana goraipatu eta eskertu dute antolatzaileek. « Jendea pozik joatea da gure asmoa, eta helburua lortuta, pozik gaude».
Erakustaldia
Lasterketen tartean, Asier Urdaibai ziklokroseko profesional bermeotarraren erakustaldiagaz gozatzeko aukera izan zuten Burujabetasun zelaian bildutakoek. Bere bizikletagaz burutu zuen erakustaldia, eta Mikel Monasteriok ziklokroseko bizikleta zaharragoagaz egin zuen zirkuitua. «Erakustaldiarena ez genuen aldez aurretik prestatu, baina Urdaibai etorri zenez, aprobetxatu egin genuen. Umeek hamar urtean egondako eboluzioa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten».