80.000 lagun eta aterki ugari
Iragarpenek ez zuten hutsik egin, eta euria egin zuen atzo; horrenbestez, Urriko Azken Astelehena aterkipean igaro behar izan zuten Gernika-Lumon bildutakoek.Iaz baino 50.000 lagun gutxiago zenbatu zituen atzo, Gernika-Lumoko Udalak; alegia, 80.000 her...
Iragarpenek ez zuten hutsik egin, eta euria egin zuen atzo; horrenbestez, Urriko Azken Astelehena aterkipean igaro behar izan zuten Gernika-Lumon bildutakoek.
Iaz baino 50.000 lagun gutxiago zenbatu zituen atzo, Gernika-Lumoko Udalak; alegia, 80.000 herritar hartu zituen baserritarrentzat hain garrantzitsua den hitzorduak.09:00etan zabaldu zuten Urriko Azken Asteleheneko azoka, eta 15:00ak bitartean izan zen zer saldu eta zer erosi Gernikan. Usain eta itxura berezia hartu zuten atzo Artekale, San Juan, Industria, Juan Calzada eta Ocho de Enero kaleek eta Pasealekuak eta Santa Ana aparkalekuak. Horietan banatuta, 333 postu jarri zituzten; gehienak gaztarenak 65. Dena den ortuarien (45), artisautza produktuen (50), txakolinaren(20), ogi eta euskal pastelaren (22), kontserben (17), makineriaren (12), fruten (7), eztiaren (6), sagardoaren (7), erroskilen (7), esnekien (4) zein orotariko produktuen (10) saltokiak ere jarri zituzten.
Euria egin arren, goizean goiz hurreratu zen hango eta hemengo jendea Gernikara. Euskal Herriko ekoizleek zer ekarri zuten ikustera gerturatu ziren batzuk, eta dastatzera soilik beste batzuk. Erosketak egitera ere bertaratu zen jendea, eta taloa edo bestelako pintxoak dastatzen ere ibili zen bat baino gehiago. Salmahaiak ez ezik, txosnak ere jendez betetzen hasi ziren eguerdirako, eta taloak jateko ohiko ilarak ere ikusi ahal izan ziren.
Eguraldiak kaskartutako giroa alaitzeko, Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso bertsolariak igo ziren eguerdian Merkurio iturriaren parean jarritako agertokira. Eta horien saioa bukatuta hasi zuten ortuarien, fruten, apaintzeko landareen, txakolinaren, eztiaren eta gaztaren lehiaketaren sari banaketa.
Iaz saritutako batzuk igo ziren atzo ere taulagainera, horiek ekoiztutako lanaren aitorpena jasotzera. Gaztetan onena, esaterako, iaz bezala, Olaberriako Aizpearena izan zela ebatzi zuen epaimahaiak. Txilar eztien artean, berriz, Kortezubiko Jabier Larrinagarenak irabazi zuen, iazko moduan. Eta frutetan eta txakolin gorrian ere iazko ekoizle berberek jaso zuten saria; Itziar Etxebarriak eta Jose Antonio Torrek (Sasine txakolina), hurrenez hurren.
Jarraian, eta urtero egiten duten legez, lehiaketa irabazi duen gazta erdiaren eta bigarren gazta erdiaren enkantea egin zuten agertoki berean. Iaz, Xaibor diskofestak erosi zituen gazta erdi biak, 5.000 eurotan lehena eta 100 eurotan bigarrena. Eta aurten ere, berak erosi du bigarren gazta erdia, 2.000 eurotan. Gazta irabazlea, aldiz, Bodegas Ramon Bilbaok erosi du, 6.500 eurotan. Herritarren artean arreta berezia pizten du urtero enkanteak, eta atzo ere, hala gertatu zen. Merkurio ingurua bete zuten gaztak nork erosiko zituen jakiteko gogoa zeukaten kuxkuxeroek.
Arratsaldean jarraitu zuten Urriko Azken Asteleheneko egitarauagaz. Esku pilota partiduak egon ziren, batetik, Santanape kiroldegian, eta zesta-puntakoak, aldiz, Jai Alai frontoian. Santanapen, gainera, Alexis Apraiz Asegarceko pilotari ohia omendu zuten.
Goizean hasitako jaiak jarraipena izan zuen Astran, bertan ospatu baitzuten Porru Festa, DJ Bull eta DJ Kool Thingekin.
Udalak gogorarazi duenez, bestalde, gaur ere itxita egongo dira Adolfo Urioste, San Juan, Artekalea eta Juan Calzada kaleak, garbiketa lanak direla eta.