Epaileak 104.4 artikuluagatik galdegin dio espetxe medikuari
«Erakundeak pilota elkarri pasatzen» dabiltzala azpimarratu dute senideek. Udalak mozioa onartu du, aho batez, Iparragirreren askatasuna eskatuzIbon Iparragirre preso ondarrutarrari 104.4 artikulua ezarri ala ez galdetu dio Jose Luis Castro epaileak ...
«Erakundeak pilota elkarri pasatzen» dabiltzala azpimarratu dute senideek. Udalak mozioa onartu du, aho batez, Iparragirreren askatasuna eskatuz
Ibon Iparragirre preso ondarrutarrari 104.4 artikulua ezarri ala ez galdetu dio Jose Luis Castro epaileak Alcala Meco espetxeko (Madril, Espainia) medikuari.Ibon Iparragirreren inguruko erabakia hartzeko orduan erakunde desberdinak elkarri pilota pasatzen dabiltzala adierazi dute azken egunetan senideek eta Iparra Galdu Baik plataformak. Domeka eguerdian Ondarroako Alamedan egindako elkarretaratzean hori baieztatu zuten berriz ere senideek.
Iragan astean zenbait mugimendu egon direla adierazi zuten. Aste hasieran, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Castro epaileak Alcala Meco espetxeko medikuari galdetu zion ea Iparragirreri 104.4 artikulua aplikatzea komenigarria den. Medikuak ez zion erantzun garbirik eman, eta Iparragirre «azken egunetan egon den bezala» ikusten zuela esan zion; ez zion ez baiezkorik ezta ezezkorik ere erantzun. Orduan, abokatuek egindako zenbait kudeaketari esker, epaileak medikuari erantzun garbi bat emateko exijitu dio. Horrela, medikuak Iparragirre aske lagatzea edo ez lagatzekotan horren arrazoiak zein diren zehaztu behar du egunotan. Senideek esan dutenez, «hurrengo orduak eta egunak erabakigarriak izango dira». Etxekoek azpimarratu dutenez, senide bat egon da asteburuan bisitan, eta animoz ondo ikusi duten arren, ahotsa makal bilatu diote. Arartekoagaz ere lanean dabiltzala esan dute.
Udalaren mozioa
Senideek zein plataformak «preso gaixo larrien arazoa gizarteratzea» zuten helburu bat Iparragirre etxera ekartzea lortzeko, eta haien iritziz, lortzen ari dira. Mobilizazioetan jende ugari ari da parte hartzen, eta hori «seinale positiboa» dela aitortu dute.
Ibon Iparragirre aske lagatzearen aldeko mozioa onartu zuten barikuan, Ondarroako Udaleko EH Bilduk eta EAJk. Udalak adierazi du kezkatuta dagoela Iparragirreren egoera oso larriagaz, «kartzelan jarraitzeak dagoeneko heriotz arriskuan jartzen duelako bere bizitza». Gaian eskumena duten agintariei, Espainiako Gobernuari eta espetxe erakundeei «osotasuna eta bizitza» bermatzea eskatu die, «giza eskubideen izenean eta inongo interes politiko barik».
Domekan Alamedan egindako elkarretaratzean herritar askok parte hartu zuten, udala osatzen duten bi alderdietako (EH Bildu eta EAJ) zinegotziek, besteak beste. Lekeition ere manifestazioa egin zuten barikuan. Etxekoek elkarretaratze, manifestazio eta gainerako ekimenetan parte hartzen jarraitzeko eskatu diete herritarrei. Horren harira, azaroaren 4an Gasteizen, azaroaren 9an larriki gaixo dauden presoen herrietan eta azaroaren 11n Basaurin eta herri askotan sortzen joango diren ekimenetara joateko dei egin diete.