Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde
Bittor Orozek, Gipuzkoako eta Bizkaiko Kofradietako ordezkariek lagunduta egin zuen agerraldian baieztatu zuen arrantzatutako hegaluze kopurua.
500 gehiago dira hain zuzen euskal portuetan iazkoarekin alderatuta deskargatutako hegaluzea tonak. Orozek azpimarratu du kopuru horrek pasa den denboraldian hasitako joera positiboa berresten duela.
Sailburuordearen esanetan,
kiloko 3,89 euroko batez besteko prezioa egin du hegaluzeak euskal portuetan eta salmentek 26,3 miloi euroko kopurua gainditu dute, hau da, 2016koak baino
pixka bat handiagoak izan dira.
Jaurlaritzako eta euskal kofradietako ordezkariak, Getarian egindako agerraldian. Argazkia: Irekia
Bestalde, portu baimenduetan deskargatutako hegaluzeetatik
%71,5ak Eusko Label kalitate bereizgarria eduki duela ere nabarmendu du Orozek. Iaz %61,2koa izan zen Eusko Labez zigiliuagaz deskargatu zen hegaluze portzentaia eta. Arrantzatutako gainerako hegaluzeek zigilu hori jaso ez izanaren arrazoia Eusko Label izendapena jasotzeko beharrezkoak diren gutxieneko
lau kiloak ez izatea zela nabarmendu du.
Hegalaburraren kasuan, 2017ko kanpainak 793,6 tonako harrapaketak laga ditu. Iaz, hiru urteko etenaldiaren ondoren berriro atungorria arrantzatzeari ekin zitzaionean harrapatu ziren 638,8 tonak gainditu egin dira aurten. Ale guztiek, batez beste 36 kilo, eduki dituzte. Salmentak ere
“pixka bat” hazi egin dira, iazko 4,5 milioi eurotik aurtengo 4,7 milioi eurora.
Ondarroa hirugarren. Ondarroako portua izan da aurten deskarga gehien jaso dituen hirugarren kaia, Bizkaiko lehenengoa. Zehatz esateko
Ondarroan 733 tona hegaluze lehorreratu dituzte.
Bermeon berriz 416 tona hegaluzetan geratu dira. Aurten ere hegaluze gehien porturatu duen herria
Getaria izan da, 3.362 tonagaz. Atungorriari dagokionez ere Getariako portua izan da gehien deskargatu duena, 377.100 kilo hain zuzen.
Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, 2013 eta 2014 urteekin alderatuz,
aurten hurbilago arrantzatu ahal izan dituzte tunidoak, beraien migrazio ohituren aldaketak direla eta. 2015ean zehaztu zen espezieak ohiko ibilbidera itzuli zirela eta horrek ahalbidetu du euskal kostatik hurbilago egitea harrapaketak. Ondorioz, arrantzaldiaren
errentagarritasuna handitu dela azpimarratu dute eta horrez gain lonjako
salmenta prezio ona izan denez arrantzaleak ere pozik agertu direla nabarmendu nahi izan dute.
Ontzi pelagiko irlandar bat Ondarroako portuan.
Baina datuak onak izan arren
kezkatuta agertu dira euskal kofradietako presidenteak,
ontzi pelagiko irlandar eta frantziarren jarduna dela eta. Hauek egiten duten arrantza motak etorkizunean
eragin negatibo handia izan dezakeela esan dute. Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidente Eugenio Elduaienek erakunde publiko eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen laguntza eskatu du, ontzi horien jarduna arautzeko eta kontrolatzeko. Bere esanetan, hegaluze gazte kopuru izugarria botatzen dute pelagikoek itsasora, euren arrantza metodoak guztiz
apurtuta uzten baitu arraina, eta horrela ezin da salmentara atera. Elduaienek berehala neurriak hartzeko exijitu du: “
antxoarekin gertatutako gauza bera gertatu ez dadin neurriak hartu behar dira ontzi pelagikoekin”.