Perez izan zen zapatu arratsaldean jokatu zen krosean
korrikalaririk azkarrena. Markina-xemeindarrak 36 minutu eta 37 segundo behar izan zituen Debarainoko joan-etorria gauzatzeko. Nesketan berriz,
Irati Velascok 50 minutu eta 35 segundo behar izan zituen.
Korrikalariak irteera hartzeko prest. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Goiko Plazan hasi eta Debarainoko
10 kilometroak ordu bete baino gutxiagoan egin zuten parte hartzaile gehienek. Zenbait korrikalarik, itzuleran Debatik atera eta kostaldeko bideko lehen zatia izan zela gogorrena aitortu dute. Mutiletan bigarren sailkatua
Ander Rodilana ondarrutarra izan zen, 37:26 minutuko denboragaz, eta hirugarrena berriz
Jose Antonio Cirujano, Rodilanarengandik 20 segundora zehazki. Nesketan, alde handiarekin irabazi zuen Velascok, bere atzetik sartu ziren korrikalariek zazpi bat minutuko atzerapena eduki baitzuten;
Naia Blanco eibartarrak 57:14 minutu behar izan zituen eta
Maribel Arrokero ondarrutarrak berriz 57:40 minutu.
Nabarmentzekoak izan ziren bai nesketan eta baita mutiletan ere
Lea-Artibai eta Mutrikuko korrikalariek lortutako emaitzak; Bi mailetako lehen hiru sailkatuetatik lau izan ziren bertakoak.
Irabazleen podiuma. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Herriko korrikalarien sailkapena berriz
Beñat Zafrak irabazi zuen 38 minutu eta 16 segundoko denboragaz. Bere atzetik sartu ziren
Bingen Arrasate (39:15 minutu) eta
Aitor Mendizabal (41:58 minutu).
Antolatzaileek azpimarratu dutenez guztia ondo atera zen eta pozik geratu dira. Eskerrak ere eman nahi izan dizkiete bertaratu ziren parte hartzaile, ikusle eta laguntzaile guztiei. Bereziki
umeen krosean parte hartu zuen neska eta mutil kopurua nabarmendu nahi izan zuten, etorkizuna beraiek direla azpimarratuz. Azkenik, krosean parte hartzen ez duten guztiei datorren urtera begira animatzeko deia egin diete,
“lasterketa oso polita” dela eta.