Bozkatzeko zain daude herriak
Beste hamar herrigaz batera, herri galdeketa hartuko dute Elantxobek, Ibarrangeluk eta Mundakak domekan. Boto aurreratuak eman zituzten atzoOrain arteko bide luzeari jarraipena emateko momentua izango du Euskal Herriak domekan. Hautetsontziak kalera at...
Beste hamar herrigaz batera, herri galdeketa hartuko dute Elantxobek, Ibarrangeluk eta Mundakak domekan. Boto aurreratuak eman zituzten atzo
Orain arteko bide luzeari jarraipena emateko momentua izango du Euskal Herriak domekan. Hautetsontziak kalera atera, eta herritarrak protagonista sentiaraziko dituzte, etorkizuna beraien eskuetan dagoela irudikatuz. Hala, aurretik 167 herrik hartutako olatu gainean igeri egingo dute Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hamahiru herrik; horien artean, Elantxobek, Ibarrangeluk eta Mundakak. Ilusioz eta gogoz itxarotako eguna izango dute domekakoa, beraien herriek ere hartuko baitute herri galdeketa.Galdeketa horiek, gainera, ekintzez lagunduta iritsiko dira Busturialdera. Domekan bertan ez ezik, bihar eta etzi ere hainbat jarduera antolatu dituzte hiru herriotako taldeek. Elantxoben, esaterako, argazki eta bideo erakusketa, Atxurkulura igoera, kalejira, umeentzako Elantxobeko zaldiak, herri kirolak, kantaldia, herri bazkaria eta arraun ikastaroa egingo dituzte egunotan. Ibarrangelun, aldiz, abesbatzaren saioa, bertsopoteoa, The Uski´s-en kontzertua, diana, azoka, dantza saioa, batukada, tailerrak eta indaba jana antolatu dituzte, besteak beste. Mundakan, azkenik, zumba saioa, kontzertuak, txistulariak, txalaparta, bertsolariak, txaranga, batukada eta txokolate jana egongo dira aukeran egunotan, kasuan kasu.
Atzo, gainera, boto aurreratua emateko aukera izan zuten Elantxoben eta Ibarrangelun. 74 herritarrek eman zuten botoa lehenengoan, eta 60 lagun baino gehiagok, berriz, bigarrenean. Mundakan, 26 bat herritarrek eman zuten botoa urriaren 21ean eta 28an.
Galdakaon, 13 herrietakoak
Euskal Herria Kataluniara begira badago ere, sorterrian ere lanean darraite herritarrek. Erabakitzeko eskubidearen alde hasitako bidean jarraitzen du Euskal Herriak, bere etorkizun politikoaz erabaki nahian. Erabakiz ikasi nahi du, erabakiz egin nahi du, egunetik egunera hazten ari den herri mugimendu zabal baten eskutik. Hala azaldu zuten atzo Galdakaon egindako ekitaldian. Domekan herri galdeketa egingo duten hamahiru herrietako ordezkariak egon ziren bertan; Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Ibarran- gelu, Leioa, Mundaka eta Otxandiokoak.
Gure Esku Dago-k orain arte egindako «bide luzeaz» jardun ziren, eta beraientzat bidea bera ere «garaipena» dela aitortu zuten. Prozesu parte hartzaileen bidez, herritarren nahia eta borondatea azaleratzea garrantzitsutzat dute, «elkarlanean eta adostasunaren bidetik ez bada ez delako erabakirik izango». Hartara, domekan «herritarrek izango duten eskubide zibilen alde egiteko aukera» aprobetxatzeko deia egin diete: «Gure auzokideei dei egiten diegu boto papera eskuan, demokraziaren ariketa honetara etor daitezen».
Orain arte 155.000 bat herritarrek parte hartu dute azken urteotan Euskal Herrian egin diren herri galdeketetan, baina oraindik, beste milaka daude zain: «Herritarrok gure geroaren protagonistak izan nahi dugulako, ez ikusle soilak».
Hori horrela, domekakoaren ostean, lanean jarraitzeko eta bere esku dagon guztia egiteko asmoa agertu zuen Gure Esku Dago-k atzo, Galdakaon; herrietan ematen ari den pausoa Euskal Herri osoan eman nahi dutelako, Euskal Herrian erabaki nahi dutelako.