Nagusien Herri Lagunkoia izateko lehen pausoak ematen ari dira Mendexan
Nagusiak protagonista bihurtu eta hitza eta lekua ematea dira proiektuaren helburu nagusienak. Egoeraren diagnostikoa egiteko batzarrak egingo dituzte hurrengo bi astelehenetanMendexako Udalak eta nagusien Goi-Alde Elkarteak elkarlanean, Herri Lagunkoi...
Nagusiak protagonista bihurtu eta hitza eta lekua ematea dira proiektuaren helburu nagusienak. Egoeraren diagnostikoa egiteko batzarrak egingo dituzte hurrengo bi astelehenetan
Mendexako Udalak eta nagusien Goi-Alde Elkarteak elkarlanean, Herri Lagunkoiak proiektua jarri dute martxan. Hala, lehenengo urratsa egoeraren diagnostikoa egitea izango da.Diagnostikoa egiteko batzarrak hurrengo bi astelehenetan (azaroak 6 eta 13) izango dira Goi-Alde Elkartean, 17:00etan.
Juan Migel Txakartegi Goi-Alde Elkarteko lehendakariak batzarretara joatearen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, haren berbetan, jendeak ez daki zertan datzan proiektua. «Lehenengo gauza proiektua ezagutzea da; astelehenean proiektuari buruzko informazioa eta azalpenak emango dira, eta ea jen- dea animatzen den».
Batzarretarako gonbidapena luzatuz eta proiektuaren nondik norakoak zehaztuz eskuorriak banatu dituzte etxez etxe. «60 urtetik gorako bizilagunei zuzenduta daude, eta diagnostikoan ikusiko dira zeintzuk diren denon lehentasunak».
Lehentasunak aztertzen
Hain zuzen, herrian zer komeni den, zer falta den eta bestelako lehentasun eta beharrizanak aztertuko dituzte aipatu batzarretan. Alderdi desberdinak kontuan hartuta, herria nagusien ikuspegitik aztertuko dute. Besteren artean, aire libreko espazioak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, errespetua, gizarteratzea, gizarte parte hartzea, komunikazioa, informazioa, enplegua eta herritarren parte hartzea izango dituzte hizpide.
Proiektu horren helburu nagusienetarikoa nagusien «bizi kalitatea hobetzea da», eta ondorioz herri osoarena. Nagusiak «protagonista bihurtu» eta «hitza eta lekua ematea» ere lortu nahi da, horrela, udalerrian hartuko dituzten erabaki politikoetan kontuan hartzeko.
Gogora ekarri dutenez, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak aho batez onartu zuen Dublingo deklarazioa. Bertan, besteak beste, adinekoen ikuspegiak eta iritziak balioetsiak izatea eta horiei erantzuna ematea bermatzea zehazten da, bai eta herritarrei begira bideratutako partaidetza prozesuak eta egiturak ziurtatzea ere. Adinekoek partaidetza egokia izan dezaten bilatuko da, «erabakiak hartzerakoan eta berrikuntzaren eta aldaketaren sorkuntzan aktiboki esku hartzerakoan».