Artearen erakusleiho bihurtuko da bihar, Kartzela zaharra
Bihar, 12:30ean Zena Eta Dena erakusketa zabalduko dute Markina-Xemeingo kartzela zaharrean. Eremuak-en Harriak programaren barruko ekimenak hiru artisten lanak biltzen ditu: Ignacio Garcia Sanchez, Gabriele Muguruza Goenaga eta Paula Prieto Fdez de Ve...
Hiru artisten lana ezagutzeko aukera egongo da biharko inaugurazioan komisarioagaz eta artistekin batera egingo den bisita gidatuan. Horrez gain, erakusketa ezagutu nahi duenak zapatu eta domeketan bisitatu ahalko du, 12:00etatik 15:00etara.
Astelehenetik barikura joan nahi izanez gero, hitzordua jarri daiteke aurrez Uhagon kulturguneagaz kontaktuan jarrita. Horretarako 94-616 63 03 telefono zenbakira deitu edo kulturgunea@uhagon.com helbide elektronikora idatzi behar da.
Hilabetez zabalik egongo den erakusketagaz gainera, Gerard Ortinen soinu-instalazioa egongo da abenduaren 2an, 12:00etatik 20:00etara Arretxinagako ermitan.
Kokapen berezia
Markina-Xemeingo kokapen berezi bi aukeratu dituzte ekimenetarako. «Biak dira izaera handiko lekuak, historiaren marka asko dituztenak. Kartzelako erakusketak eta ermitako ekitaldiak lekuekin bat egiteko asmoa dute», aurreratu dute.
Kartzela zaharra ez da jada erabiltzen, baina aurreko jardueraren arrastoz beteta dago. Horretaz baliatuta, etorkizuneko fikziozko arrasto berriak proposatuko ditu bertan Ignacio Garcia Sanchez artista madrildarrak. Gabriele Muguruza Goenaga donostiarraren kartoizko artelanek eta Paula Prieto Fernandez de Velasco santandertarren marrazkiek osatuko dute erakusketa.